Kirolari olinpikoak omenduko dituzte gaur
16:00etan jasoko dituzte udaletxean Teresa Errandonea, Ander Elosegi eta Julen Aginagalde Tokio 2020 olinpiar jokoetan parte hartu duten kirolari irundarrak.
Hiru izan ziren aurtengo olinpiar jokoetan parte hartu zuten kirolari irundarrak: Teresa Errandonea, Ander Elosegi eta Julen Aginagalde. Gaur, hirurek Tokio 2020ean egindako lanagatik omenaldia jasoko dute Irungo Udalaren eskutik, 16:00etatik aurrera.
Hiruretatik domina eskuratu zuen bakarra Aginagalde izan zen: Espainiako selekzioarekin brontzezko domina jantzi zuen, hirugarren tokiaren aldeko borrokan Egiptori gailendu ondoren.
Elosegik, berriz, finalerako sailkatzea lortu zuen bere laugarren olinpiar jokoetan. Laugarrenez, baina, dominarik gabe geratu zen, eta zortzigarren tokian bukatu zuen 106.59ko denborarekin. Diploma olinpikoarekin itzuli zen, ordea.
Errandonea lehen aldiz olinpiar jokoetarako sailkatu zen, baina ezin izan zuen lehen txanda gainditu.