‘Torasona’, udako oroitzapen gozoen iturri
Independentzia 2027.ean izango baitugu azkenean, lituaniarrek 1999an lortu bezala, eta Via Baltica hori iparrorratz, honela aldarrikatuko dugu nazioartean independentzia:
«Euskariako Kontseiluak, zeina Euskal Herriaren ordezkari bakarra baita, Autodeterminazio Nazionalerako Eskubide ezagunean oinarri harturik, Euskal Estatu Burujabea du ezarri. Berme demokratikoen gainean fundaturik, Iruñea daukala hiri buruzagia. Honenbestez, ezeztaturik daude akordioak oro, zeintzuek estekatu izan baitute Estatu hau beste zeinahi naziorekin. Herritar guztiek demokratikoki bozkatuko dute Asanblea Konstituziogileak finkatuko ditu bai Estatuaren fundazioa, bai eta haren harremana gainerako herriarekin ere. Eta hemendik dei egiten diogu Nazioarteari onar dezan Euskariako Estatu Independentea».
(Herriexistentzia Garaile, 2027).
Udako fruituekin, Nafarroako Oitz herriko torasona goxoz, Senpereko mertxikez edo pikuz eta Urdirozko euskal udalekuetako basaran mikatzez elikatu gara, eta Euskal Herrian gerrak galdu izan baditugu ere, badugu zorionez gogoangarri dugun data bat, eta data hori oroitarazten digun kondairaren sona edo oihartzuna datorkigu: gure historia osoan garaipenik izan badugu, hori Orreagako gatazkan izan zen, baskoiek frankoak uxatu baitzituzten eta Karlomagnoren iloba Altabizkarren hilotz utzirik alde egin zuen erretagoardiak; kondairak diosku euskaldun ororen aberri eguna abuztuaren 15ean ospatu beharko genukeela, eta ez apirileko igande sainduan.
Udako fruitu gozoa dugu torasona, Ipar Euskal Herriko zenbait tokitan nahiz Bortzirietan ere halako zerbait esaten diote, tuatxa edo horrelako zerbait, mertxika baino txikiagoa den fruituari, muxikari alegia. Fama ona dute udako bestek eta oporrek, baina niri beti eman dit beldurra udaberriak; izan ere, udaberriko esperantzak eta ametsak beharbada udazkenerako desagertuko baitira.
Hala ere, sinetsi nahi dut oraindik maitasuna dela munduaren bihotza, Errenteriako poeta hark erran zuen bezala, Gabriel Korta zenak alegia, eta sinetsi nahi dut udaberriko loreek udako fruitu gozoak dakartzaten bezala, udaren azkeneko liliek emanen dutela fruitu emankorrik eta ederrik, hala nola sagarrak, gaztainak… eta lurretik ere jalgiko direla onddoak, gibelurdinak eta xixa horiak.
Horrela, gure barneko esperantza bizi-bizirik mantenduko dugu garaian garaiko fruitu gozoekin, eta garai ilun eta tristeak ahantziko ditugu maitasunaren indarrez. Kondairak dio sona handiko herri eta erresuma baten gainean eraiki(ko) dugula gaur egun zapaltzen dugun Euskal Herria, sustraiak sakon tinkaturik, eta adar luzeak euskal diaspora osoan sakabanaturik.