Aitor Zulaikak beste urtebeterako kontratua sinatu du Real Unionekin
Kontratua 2023ko ekainaren 30era arte luzatu du azpeitiarrak. Pozik azaldu dira Real Unioneko zuzendaritza eta entrenatzailea.
Real Union eta Aitor Zulaikak akordioa lortu dute entrenatzailearen kontratua urtebete gehiagoz luzatzeko, 2023ko ekainaren 30era arte. Azpeitiarrak 2020-21 denboraldian hasi zuen bigarren etapa talde txuribeltzean, eta Lehen RFEF kategoria berrira sailkatzea lortu zuen Real Unionek.
Igor Emery presidenteak Zulaikaren “autoexijentzia eta pasioa” baloratu ditu, eta lortu dituen emaitzak kontuan hartuta, “nahikoa arrazoi dira berarenganako konfidantza indartzeko”. Real Unionentzat nahi duten “exijentzia” maila horretan elkarlanean aritzeagatik “pozik” agertu da presidentea.
Zulaika bera ere “pozik” agertu da talde historiko baten parte izateagatik eta “harro” etapa berriko proiektuaren parte izateagatik. Horrez gain, eskerrak eman dizkio administrazio kontseiluari eta kluba osatzen duen jendeari eman dieten babesagatik. Azkenik, “oso harro” dagoela esan du partidua dagoen egunetan zelaian sortzen den giroarekin.