Sexu esplotazioaren eta trafikoaren aurka mintzatu da udala
Adierazpen instituzionala kaleratu du gaurko Emakume eta Haurren Sexu Esplotazio eta Trafikoaren Nazioarteko Egunaren harira.
Irungo Udalak adierazpen instituzionala onartu du gaurko Emakume eta Haurren Sexu Esplotazioa eta Trafikoaren Nazioarteko Egunaren harira. Udal talde guztiek bat egin dute, EH Bilduk izan ezik.
Pertsonen salerosketa esklabotasun mota moderno nagusitzat jo du udalak, eta giza eskubideen kontrako eraso “oso larria” dela gogorarazi du. Horren barruan aipatu ditu esplotazio sexuala, lanerako esplotazioa, bortxazko lanak, organoen trafikoa… Zehazki, sexu esplotazioak ezaugarri komun bat duela nabarmendu du udalak: zehazki emakume nahiz neskei eragitea. Salerosketa biktimen %72 emakume eta neskak dira, eta sexu esplotazioaren kasuan %99raino igotzen da portzentaia.
Horrekin amaitzeko alor guztietan sexua zeharka kontuan hartzea ezinbestekoa dela iritzi dio. Hala nola aipatu ditu esplotatzaile sexualen kontrako neurri judizialak hartzea, esklabotasun mota hori deuseztatzeko koordinazioa sustatzea, gizartea, eta zehazki, gizonak sentsibilizatzea eta biktimei babesa eta laguntza ematea.
Pandemiak sexu esplotazioa edo beste salerosketa mota batzuen biktima bihurtzeko arriskua handitu duela adierazi du udalak, eta salerosketaren biktima ziren pertsonen egoera larritzea.
Zentzu horretan, Irungo Udalak sexu esplotazioa deusezteko duen ardura “bera gain” hartu behar duela adierazi du.
Adierazpena:
1. Irungo Udalak irmo gaitzesten du gizartearen pasibotasun eta tolerantzia emakume eta nesken salerosketa eta esplotazioarekiko. Salerosketa eta esplotazioaren esparruan, emakume eta neskak gizatasunez gabetzeak, irabaziak lortzeko irrikak eta norberaren desioei berehala erantzun nahiak pandemiak larriagotutako zaurgarritasun egoerez baliatuz beren helburuetarako pertsonak erakartzeko bide ematen diete pertsonen salerosleei.
2. Irungo Udalak, bere eskumenen esparruan, esplotazio sexualaren biktima izaten ari diren emakume eta neskei erantzun legezko, instituzional, eraginkor, koordinatu eta aurrekontuduna emateko proposamen eta akordioak lantzeko konpromisoa hartzen du, emakume eta adingabeen esplotazio sexualerako salerosketarik gabeko lurraldea bihurtzeko Irun.
3. COVID-19aren ondorioz mundu osoa krisialdian dagoen honetan batez ere, funtsezkoa da esplotazio sexualerako salerosketa (bereziki, neska eta emakumeena) agerian jarri eta haren inguruan sentsibilizatzea eta, horretarako, sentsibilizazio kanpainak egitea, salerosketa giza eskubideen kontrako oso eraso larria dela eta gure inguruan ere jazotzen den arazo bat dela jabetu dadin biztanleria.
4. Irungo Udalak publikoki eskertzen du salerosketaren biktimei laguntzeaz arduratzen diren antolakunde eta elkarteek duela urte askotatik egiten duten lana, funtsezkoa baita biktimek, zeinak emakumeak eta neskak diren gehienbat, beharrezkoa duten justizia, osasuna eta babes soziala lor dezaten.
5. Irungo Udalak gizonak sentsibilizatzeko eta berauekin lan egiteko konpromisoa hartzen du, prostituzioa kontsumitzen dutenengan eta jokabide hori babesten eta justifikatzen dutenengan arreta berezia jarrita, haiek ere baitute emakume eta haurren salerosketa gertatzearen errua, emakumeen gorputza esplotatzeko merkatu bat existitzearena.
6. Ahal duten bide guztietatik, instituzio guztiek alor honetako delituak detektatzeko eta kontrolatzeko gaitasuna areagotu behar dute, adierazle eta azterlan guztien arabera koronabirus
pandemiak areagotu egin baitu gizakien salerosketa; bereziki, emakume eta neskena. Era berean, pertsonen salerosketa eta trafikoaren biktimak integratzeko eta gizarteratzeko neurri espezifikoak ezarri behar dituzte.
7. Irungo Udalak prostituzioaren publizitaterik ez egitera eta prostituziorik ez eskaintzera deitzen ditu komunikabideak eta turismo eta aisia operadoreak, emakume eta nesken esplotazio sexualerako salerosketa ez banalizatzeko.
8. Irungo Udalak pertsonen esplotazio sexualaren eta salerosketaren esparruko egoera eta testuinguruak deuseztatzeko beharrezkoak diren tresnak (legezkoak, judizialak, sozialak eta heziketa arlokoak) sortzera, garatzera, erabiltzera eta ebaluatzera deitzen ditu Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua; bereziki, haurrei dagokienez.