Txiki eta Otaegi oroituko dituzte astelehenean
Sortuk egin du deialdia herriz herri, eta Irunen ere gogora ekarriko dituzte duela 46 urte frankismoan fusilatu zituzten ETAko bi militanteak.
Irailaren 27arekin fusilatu zituzten Francoren diktadurapean Juan Paredes (Txiki) eta Angel Otaegi ETAko militanteak FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Egun hori gogora ekarriko du Sortuk astelehenean, eta herriz herri deialdiak egin ditu, baita Irunen ere: 19:00etatik aurrera, manifestazioa egingo dute San Juan plazatik abiatuta. Mobilizazioaren leloa Euskal Herria bihotzean, independentzia izango da.
Ekitaldi hori urtero egiteko asmoa agertu du Sortuk, aurrera egiteko oroitzea “ezinbestekoa” dela iritziz. “Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakitea” funtsezkoa dela esan du, “herri honek behar-beharrezkoa duen elkarbizitza eraikitzen jarraitu nahi dugulako”. Zentzu horretan, “sufrimendu guztien oroimena” aldarrikatu du, “inor bazterrean utzi gabe”. Horien artean, Txiki eta Otaegi izan ditu gogoan: “Euren bizitzarekin ordaindu zuten Euskal Herria askatzeko eginiko ahalegina”.
Haatik, Sortuk “kezka handiz” ikusten ditu interes politiko zehatzen baitan, memoria eta errelato alorrean ezarri nahi diguten “ikuspegi manipulatu eta desitxuratua”. Hala nola, Gasteizko Melitoniumaren kasua aipatu du: “Manzanas torturatzaile faxistari gorazarre egiten dioten bitartean, herri honen alde jardun duten hainbat biktima bazterrean uzten dituzte”.
Ekitaldi nagusia, Oiartzunen
Astelehenean herrietan oroimen ekitaldiak izango diren arren, ekitaldi nagusia, larunbat honetan, hilak 25, izango da Oiartzungo kiroldegian. Sarrerak gonbidapenarekin hartu beharko dira.