Gazteen gustuetan oinarritutako proposamenak, Gaztelekuan
Ikasturte berria martxan jarri dute Martindozenea Gaztelekuan, eta, hala nola, nerabeek aukeratutako jarduerak eskainiko dituzte.
Ikasturte berria martxan da Martindozenea Gaztelekuan ere. Joan den asteburuan abiatu zen, krepeak egiten ikasteko tailer baten bidez, eta datozen asteei begira ere, askotariko ekintzak prestatu dituzte; guztiak, gaztetxoen beharretara egokitutakoak. Izan ere, eskainiko dituzte jarduera guztiak nerabeek aukeratutakoak izan dira. Horien artean daude zirku tailerra edo ikus-entzunezko sorkuntza.
Santi Jimenez Gazteria ordezkariaren arabera, helburua, gazteek haien gustu eta interesetan oinarritutako proposamenak probatzekoaukera ematea da.
Azken urte eta erdia pandemiaren eraginpean pasatu ondoren, datorren ikasturtean gazteekin batera egiten duten bidera itzuli nahi dutela argitu du Jimenezek, “gazteenak hiriko bizitzan parte hartzera animatzen jarraitzeko”.
Ikasturte honetan ere adinka banatuko dituzte guneak, eta, hala, ostiral eta larunbatetan, Gaztelekuko bigarren solairua 15 eta 18 urte bitarteeko gazteentzat bakarrik izango da.
Norbaitek tailerren batean izena eman nahi izanez gero, 690 70 64 71 telefono zenbakian egin dezake, Whatsappez. Bertan, adierazi beharko zein ordutan joango den: 18:30, 19:00 edo 19:30. Instagramen ere egin daiteke izen ematea. Ekintza guztiak dohainik dira.
IRAILEKO EGITARAUA
- Irailak 24. Otaku Kahoot. Bi taldetan banatu eta talde bakoitzak besteari galderak egingo dizkio Kahoot plataforma erabiliz. 17:30ean, Gaztelekuan.
- Irailak 25. Among Us zuzenean. 17:00etan, Gaztelekuan.
- Irailak 28. Virus I eta II. Karta joko ezagunari buruzko jardunaldia. 17:30ean, Gaztelekuan.
- Irailaren 30 eta urriaren 1ean. Serigrafia tailerra. Garikoitz C. Murua GKo-ko artistak mural bat margotuko du Gaztelekuko fatxadan. Muralaren diseinuan oinarrituz, partaideek kamiseta eta poltsak serigrafiatuko dituzte. 17:30ean, Gaztelekuan.