Udalak ikerketa bat egingo du eskola kirolean nesken parte hartzea indartzeko
Eskola Kirolean nesken parte hartze txikiak ohartarazita, horren arrazoia zein den jakitea izango da EH Bildutik datorren ekimenaren helburua.
Ikasturte berriarekin batera, ehunka neska mutil hasiko dira Eskola Kirolean. EH Bilduk ohartarazi duenez, ordea, eskualdean izena ematen duten nesken kopurua “benetan txikia” da, eta urtetik urtera joera berbera mantentzen da. Egoera horren aurrean, udalak, koalizioaren ekimenez, ikerketa bat egingo du nesken parte hartze txikiaren arrazoiak jakiteko asmoz.
EH Bilduren arabera, eskola kirolak “garrantzia berezia” dauka, euskaraz eskainitako programa izateaz gain, neska-mutilei askotariko kirolak ezagutu eta praktikatzeko aukera ematen dielako. “Tamalez, neska eta kirola urruntzen dituen faktore asko” direla salatu du, eta eskola kirola ere ez dela salbuespena. Zentzu horretan, “hitzetatik ekintzetara” pasa eta “egoera aldatzeko” garaia dela esan du.
Ikerketa horretatik ateratako emaitzekin “bere esku dagoen guztia” egiteko eskatu dio udal gobernuari, eta egoera bideratzeko “hartu beharreko neurri guztiak” hartzeko: ” Izan ere, udalari dagokio Irungo neska bakoitak kirolaz gozatzeko aukera bermatzea”. Hala, udal gobernuak egoera aldatzeko benetako konpromisoa” izanez gero, eta “buru-belarri” lanean hasten bada, EH Bilduren laguntza izango duela iragarri du, “gizarte bezala irabaziko dugu”.