Josune Gomezek zinegotzi kargua utzi du
Gomezen partez, Jasone Ugarte Garcia de Andoinek osatuko du EAJren udal taldea. Gomez bera ez da bertan izan gaur goizeko plenoan.
Ez-ohiko udalbatzarra egin dute gaur goizean udaletxean. Puntu bakarra landu dute, eta, bertan, Josune Gomezek zinegotzi karguari uko egin dio. Haren ordezkoa, Jasone Ugarte Garcia de Andoin izango da, EAJren udal taldea osatuz. Zazpi zinegotzi dituzte jeltzaleek. Mozioa ahobatez onartu dute.
Gomez bera ez da izan gaurko udalbatzarrean.
Xabier Iridoyk EAJko udal taldearen izenean, “eskerrik zintzoenak” eman dizkio Gomezi, “10 urtez irundarren zerbitzura” lan egiteagatik.
Jose Antonio Santano alkateak ere eskerrak eman dizkio udalaren izenean, udal gobernuan eta oposizioan egindako lanarengatik. “Bajan” dagoela adierazi du Santanok, eta “laster” errekuperatzeaz gain, “onena” espero duela berarentzat gaineratu du: “Udal honen oroitzapen ona izan dezala”.
Jokin Melida EH Bilduko bozeramaileak, ildo beretik, urte hauetan guztietan egindako lana eta eurekiko urte hauetan guztietan izandako “jokabide eta tratua” eskertu dizkio.
Aurreko legegintzaldian (2015-19) udal gobernua osatu zuen EAJk PSE-EErekin batera, eta Josune Gomez Euskara eta Gazteria zinegotzi izan zen. Egungo legegintzaldian, berriz, oposizioan aritu da lanean.