[Erreportajea] Gernikako sirena hotsak, ezustean, Irun esnatu zuenekoa
Irailaren 5 batez, duela 85 urte hartu zuten Irun faxistek, eta egun hori gogoratu du Kepa Ordoki memoria historikoko elkarteak. Sirenak Gernikatik Irunera bidaiatu du, sinbolismoz betetako ekitaldian.
Irailak 5. Igandea. Goizeko zortziak. Irun lehen eguzki printzekin batera esnatzen ari da. Hainbat herritar, ordea, oraindik maindire artean dira. Ez dago astegunetan bezalako presarik ohetik jaikitzeko. Bat-batean, isiltasuna zerbaitek zartatu du. Sirena hotsa da. Ia minutu luze bat iraun du. ‘Nondik dator? Zergatik jo dute?’, pentsatuko zuen norbaitek.
Irailaren 5a ez da nolanahiko eguna Irungo historiaren egutegian. Duela 85 urte egun horretan hartu zuten hiria faxistek, eta horrekin Behe Bidasoa eskualdeko hegoaldeko aldea bereganatu zuten. Joan den igandean, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak egun hori oroitu zuen. Egun horretarako prestatua zuen ekitaldia Behobiako zubi zaharrean, baina inork espero gabe, beste ekintza bat ere gauzatu zuen: Gernikako sirena jotzea. “Sorpresaz jokatu nahi genuen, jendearen arreta pizteko” azaldu du Peli Lekuona elkarteko kideak.
Eta helburua lortu zuten. Behobiako ekitaldian batek baino gehiagok elkartekideei esan zien sirenak esnatu zituela, baita Hondarribitik entzun zutela ere. Baten batek Hendaiako suhiltzaileen sirena zela uste izan zuen, noizbehinka jotzen dutelako. Behobiako 85 urte ekitaldian ere beste behin jo zuten, 1936ko gerran zubia zeharkatuta hamarnaka errefuxiatuk ihes egin zutela oroitzeko.
Momentu hunkigarriak bizi izan zituztela esan du Lekuonak: “Eguna argitzen ari zen unean, eta leku horretan: San Martzialgo borrokak izan ziren tokian… Emozio puntua dauka”. Sirenak zarata handia ateratzen duela aipatu du, eta hain zuzen, “oroimenaren deiadarra” zabaltzeko baliatu dutela: “Pertsona askok egin zuten ahalegin hori guztia eskertu nahi dugu”. Lekuonaren arabera, nahiz eta ekintza sinboliko bat izan, pisu handikoa izan da, “sirenak pisu fisikoaz gain, sekulako pisu historikoa du”.
Sirena horrek hamalau urte daramatza Gernikan jotzen, apirilaren 26arekin, hango bonbardaketen urteurrenean. “Astrako arma lantegian topatu zuten, eta leheneratu egin zuten. Gerora jakin zuten 1937ko sirena originala zela”, azaldu du Lekuonak.
Ez da lehen aldia sirena Gernikatik ateratzen dela. Aurretik, Lleidara bidaiatu du hango bonbardaketen urteurrena oroitzeko, eta ekitaldi horren haritik etorri zen gailua Irunera ekartzeko asmoa. Lekuonaren esanetan, Guernica Gernikara elkartearekin elkarlanean ari dira, eta haiek egin zuten zubi lana sirena kudeatzen duen Lobak elkartearekin.
Bonbardaketak Irunen
Ekintza horrek “zentzu historiko bat” duela zehaztu du Kepa Ordoki elkarteko kideak: “Azken ikerketen arabera, Irun ere hiri bonbardatu bat izan zen, Gernika bezala. Orain xehetasun gehiagorekin ezagutzen dugun faktorea da”. Aurretik ere bazituzten erreferentziak Irungo bonbardaketaren gainean, baina, orain, Xabier Irujok egindako ikerketak baieztatu du. “Azken egunetan, suzko bolak bota zituzten, guztira, 33 aldiz”.
Badirudi, ordea, Irunen bertan ez zela bonbardaketak iragarri zituen sirenarik izan. Behobiako ekitaldian Juncal Violet 1936ko uda bizi izan zuen irundarrak berretsi zion hori Lekuonari: “Bonbardaketen berri izaten zuten hegazkinen hotsak entzuten zituztenean”. Hain zuzen, halako erasoen aurrean prestatzearren enkargatu zioten Gernikako sirena Sabadellgo lantegi bati, 1936an.