[Galeria] 1936. urteko gerra oroitzeko gaurko ekitaldian, memoria-plaka bat jarri dute
Udaleko ordezkari guztiek parte hartu dute 1936. urteko gertakariak oroitzeko aitortza ekitaldian. Denen artean adierazpen instituzionala irakurri dute, eta, amaieran, Kai Zaharrean jarri duten plaka bat desestali du omendua izan den Esther Alvarez Olasok.
Ekitaldi instituzional baten bidez, 1936ko Estatu Kolpea eta ondorengo Gerra Zibila bizi zuten hondarribiarrei aitortza egin die gaur udalak. Bertan izan dira aro hura bizi izan zuten hondarribiarrak, eta udal gobernuko eta oposizioko ordezkariak. Azken horien guztien artean, adierazpen instituzionala irakurri dute.
Txomin Sagarzazu alkateak eman dio hasiera adierazpenari, oroituz, 1936ko abuztuko azken asteetan eta iraileko lehen egunetan “gure hirian ondorio nabarmenak eragin zituzten gertaerak bizitu” izan zirela.
1936. urteko irailaren 4ko goiza ekarri du gogora Aitzol Arroio Abotsanitzeko kideak, eta esan du, egun horretan, hondarribiar asko “zuten guztia hartuta” baporean edo txalupan igaro zirela Bidasoaren beste aldera.
Jarraian, errepresioaz hitz egin du Iosu Alvarez PSE-EEko zinegotziak: “Gerran, nahiz gerra ostean, errepresioa izan zen nagusi”. Gogorarazi du, alderdi politiko bateko kide izatea nahikoa zela “epaiketarik gabe eraila izateko edo langileen barrakoietan bukatzeko.”
Xabi Bengoetxea EH Bilduren hautetsiak amaitu du irakurketa. Garai haiek bizi izan zituztenek, sufrimendu hori ez zutela merezi adierazi du: “Ez zen bidezkoa izan”. Berriz historiaren zati hori errepika ez dadin uste du “gure eta datozen belaunaldien esku” dagoela “errespetuan eta elkarrekiko begirunean” lanean jarraitzea.
Amaieran, aitortza egin zaion Esther Alvarez Olasok –Margari- Kai Zaharrean jarri duten plaka estalgabetu du.