Bitoriano Etxabek jasoko du aurtengo 'Hondarribia, berdintasunaren hiria' saria
"Konponbidea lortzeko egindako ahalegina, horretarako izan zuen ausardia" aintzat hartuta, 'Hondarribia, berdintasunaren hiria saria' jasoko du Bitoriano Etxabe bikario ohiak.
Zazpigarren aldiz antolatu du Jaizkibel konpainiak ‘Hondarribia, berdintasunaren hiria’ saria, eta irailaren 19an egingo da sari banaketa, Auditoriumean, 18:30ean. Iaz, Hendaiako danborradak jaso zuen saria.
Aurtengo epaimahaia Garbiñe Biurrun, Maddalen Iriarte, Nieves Alza, Arantza Egiguren, Iñigo Lamarka eta Xabier Lapitzek osatu dute, eta, erabaki dute, sariduna Bitoriano Etxabe izatea. Bera Hondarribiko bikario ohia izandakoa da eta honakoa argudiatu dute epaimahai kideek: “Konponbidea lortzeko egindako ahalegina, horretarako izan zuen ausardia”. Gaineratu dute, jokabide honen ondorioak jasan behar izan zituela Etxabek: “Herria uztera behartu zuten”.
Sariaren helburua “emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunaren alde” lan egin duten kolektibo edo pertsonen jarduna nabarmentzea da, Jaizkibelek azaldu duenez: “Hondarribia, plastiko beltzen hiria izatetik, berdintasunaren hiria izatera heldu dadin laguntzeko asmoz”.