[Erreportajea] Kirolgunea, koronabirusari aurre egiteko zentro bilakatuta
Artalekuko txertogunea hilaren 30ean itxiko dute. Sei hilabete hauetan, minutuko herritar bat txertatzera iritsi dira. ESI Bidasoak herritarren %74 txertatu du
Astegun bateko goiz batez, herritarrak ilara egiten ari dira Artalekun. Pandemia aurretik pentsatzekoa zen Bidasoa ikusteko sarreraren bila joanak zirela. Izurrite garaira, ordea, herritarrak ez ezik, tokiak ere egokitu behar izan dira, eta Irungo kiroldegiari ere hala tokatu zaio: Bidasoaren garaipen eta porroten nukleoa herritarrak koronabirusarengandik babesteko gune bihurtuta.
Ilaran aurrera egin, eta nerabe bat aulkian eseri da. Urduri dago. Erizain laguntzaileak datuak hartu dizkio, eta erizaina lasaitzen saiatu da: «Bigarren dosia da, ezagutzen duzu dinamika, ez kezkatu». Pfizer txertoa jarriko diotela azaldu diote, eta txertoa hartutakoan atsedenlekura joateko esan dio. Ziztatu dio. Bukatu da ezinegona.
Egunero ehunka aldiz egin dute prozedura bera ESI Bidasoako erizainek, aurtengo martxotik aurrera, Artalekun. Orduz geroztik, eskualdeko txertaketa kiroldegian zentralizatu dute. Marisol Iturrino Artalekuko txertoguneko koordinatzailearen arabera, herritarren %74 txertatu du ESI Bidasoak. Astelehenean, esaterako, bi mahai zituzten, eta lau agenda. Agenda bakoitzean ehun paziente inguru zituzten. «Gaur [astelehenean] 300 paziente txertatuko ditugu Pfizerrekin eta besteak Janssenekin».
Lan askoko hilabeteak
Orain egoera lasaitu dela onartu du Iturrinok, baina lan handiko hilabeteak izan dituzte uztailera arte. Kasu horietan, lau mahai izaten zituzten zabalik, eta 300 paziente bakoitzean. Minutuko paziente bat txertatzera iritsi dira, eta asteburuetan eta arratsaldez ere ibili dira txandak egiten. Lan handia izan arren, «oso ondo» eraman dutela adierazi du Iturrinok: «Horretarako prestatuta gaude, ofizioa, ofizioa da. Bokazioak eta lanak aurrera egiten laguntzen dizu». Lan talde «oso ona» osatu dutela gaineratu du, eta horri esker, txertaketa modu arinean eramatea lortu dutela.
Profesionalez gain, boluntarioen lana ere oso garrantzitsua izan da hori gauzatzeko. Hilabete hauetan zehar alboan izan dituzte Babes Zibileko kideak, besteak beste. Eurek atondu dute Artalekun txertaketa arin egin ahal izan dadin, eta karpa bat ere jarri dute, laguntza behar duten pazienteak artatzeko. Zorabioak izan dira intzidentzia nagusia. Behin, beroaren eraginez, 80tik gora paziente zorabiatu ziren: «Gazteak izaten dira. Urduri etortzen dira eta baraurik».
Hain zuzen, jendearen kezkekin lan egin behar izan dute hilabete hauetan. Urduri eta mesfidati etortzen zirela azaldu du Artalekuko koordinatzaileak: «Ea benetan esandako txertoa jarriko diegun galdetu izan digute». Edozein modutan, dena erregistratuta geratzen dela zehaztu du Iturrinok: lotea, txertoa, eguna… Txerto mota izan da beste kezketako bat. Adinaren arabera erabakita dator, eta beti txertatzeko unean esaten diete pazienteei zein txerto jarriko dieten. Horretan «gain-informazioak» min handia egin duela iritzi dio Iturrinok, «ondo kudeatu behar dugu entzuten duguna».
Sei hilabeteren ondoren, Artalekuko txertogunea hilaren 30ean itxiko dute. Iturrinok jakinarazi duenez, hemendik aurrera ez dira eguneroko txertaketak egingo, agendaren araberakoak baizik, ikastetxeetan, auzoetan… Hirugarren dosia ere izan du hizpide, baina, oraingoz, ez dakite ezer.