Hizkuntza eskolan izena emateko epea zabalik
Ikasturte berrirako ateak zabalduko ditu Irungo Hizkuntza Eskolak. Aurrez eman beharko du izena parte hartu nahi duenak eta horretarako tartea hilaren 17ra artekoa izango da.
Hizkuntza berriak ikasteko aukera zabalik dago aurten ere Irunen, izena emateko azken eguna hilaren 17an izango delarik, 13:00etan. Iazko ikasleentzako zein berrientzako deialdia da, baina ekainean azterketa gainditu ez zuenak hilaren 14a izango du izena emateko lehen eguna. Besteek gaurtik dute aukera.
Prozedura hau elektronikoa izango da eta Ikasgunea plataforman erregistratu beharko da. NAN (Nortasun Agiri Nazionala), AIZ (Atzerritar Identifikaziorako Zenbakia) edo HNA (Hezkuntza Nortasun Agiria) nahikoa izango dira pausu hau emateko. Dena den, zehaztasun guztiak idatzi dituzte webgunean: matrikulazioaren egutegia eta eman beharrezko pausoak, prozedura, taldeak eta ordutegiak, beharrezko dokumentazioa, prezioak eta beste hainbat datu.