Jendaurrean aurkeztuko dute HAPOaren aurrerapen proposamena
Atzoko ezohiko batzarrean, EAJren gehiengoarekin, HAPOaren aurrerapen proposamena onartu egin zuten. Hortaz, jendaurrean aurkeztuko dute proiektua datozen hilabeteetan. Bestalde, etxebizitza lizentziak urtebetez etetea ere onartu zuten aho batez.
Tirabirekin hasi zen atzoko ezohiko batzarra, Txomin Sagarzazu alkateak hitza eman zion Abotsanitzeko bozeramaile den Igor Enparani, eta honek, hasierako hitzak de ustezko sexu abusuengatik de atxilotu zuten hondarribiarraren biktimei babesa emateko eta jazotakoa gaitzesteko erabili zuen. Sagarzazuk, orduan, bilkura gelditu egin zuen, bozeramaileekin bildu zen, eta ordubete geroago, jarraitu egin zuten batzarrarekin.
Zazpi puntu ziren bozkatzekoak eta bi bloketan banatu zituen alkateak: HAPOa eta lizentziak urtebetez etetea. Bozketei erreparatuz, esan daiteke, adostasunik gabeko bilkura egin zela; izan ere, aurrera atera ziren HAPOari buruzko aztergai guztiak, EAJren bozkei esker izan ziren. Lizentzien kasuan, baimen batekin izan ezik, denek bat egin zuten.
HAPOa, aurrera
Gai nagusiena zen HAPOaren aurrerapen proposamena onartu egin zuten, eta horretarako, EAJk bere gehiengoa baliatu zuen, oposizioko Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin ziren.
Ondoren, HAPOa ingurumen organo eskudunari eta udalerri mugakideei aurkeztearen bozketa izan zen eta oposizio osoak abstentziora jo zuen. Hala ere, berriz ere, EAJren botoekin aurrera atera ziren proposamen hauek, eta ondorioz, alkateak herenegun esan zuen bezala, orain, HAPOaren erakusketa bat zabalduko zaie herritarrei “proposamenak jasotzeko”.
Oposizioko kideek bat egin zuten esaterakoan ez dutela HAPOaren dokumentuak aztertzeko denborarik izan. Aurrerakina bozkatzea baino hamabost egun lehenago jaso zituztela dokumentuak agerian utzi zuen Enparanek, eta salatu zuen oposizioko taldeek ezin izan zutela ekarpenik egin dokumentuan.
Lizentziak etetea
Bigarren zatia, hainbat lizentzia urtebetez eteteari buruzkoa izan zen. Lehenik, Mendelu–Eskapatxulo eremuan eraiki nahi diren eraikuntzetarako lizentziak gelditzea bozkatu zuten eta udal talde ia guztiak alde agertu ziren, Abotsanitz izan ezik, abstentzioaren alde egin zuelako.
Aldiz, denek bat egin zuten Alde Zaharreko eraikinen beheko solairuetan bizilekuak ezartzeko eta etxebizitza turistikoko etxe berrientzako baimenak urtebeterako etetean.
Ezohiko bilkura osoa ikusgai dago esteka honetako bideo batean.