"Elkartasuna" adierazi die alkateak atzo argitara emandako sexu abusuen biktimei
Txomin Sagarzazu alkateak agerraldia egin du gaur, biktimei eta haien familiei "elkartasuna" eta "errespetu osoa" adierazteko. Herria "hunkituta eta oso triste" dagoela esan du Sagarzazuk.
Adingabeei sexu abusuak egiteagatik larunbatean atxilotutako eta atzo espetxeratutako hondarribiarraren kasuaren harira, Txomin Sagarzazu alkateak agerraldia egin du gaur, biktimei eta haien familiei “elkartasuna” adierazteko.
Hasteko, herria “hunkituta eta oso triste” dagoela esan du Sagarzazuk. Hala ere, gertatutakoari buruz uste du, “une honetan martxan dagoen jarduketa judiziala errespetatu” behar duela gizarteak. Bitartean, “errespetu osoa” eta “elkartasuna” adierazi die biktimei eta haien familiei.
Bestalde, kasu honen eraginak pairatzen ari diren guztiei, udal zerbitzuen arreta eskaini die Sagarzazuk, eta amaitzeko, udal bozeramaileekin “horrelako ekintzak gaitzesteko kontzentrazio bat egiteko lanean” ari direla aurreratu du.