Bidasoak 1,13 milioi euroko aurrekontua izango du
Aurrekontua iaztik zertxobait igo da, 30.000 euro. Gastuak, berriz, murriztu egingo dituzte. Aurrekontuek bazkideen %89aren oniritzia izan dute.
Bidasoak Bazkideen Ohiko Batzar Orokorra egin du, eta bertan, 2021-22 denboraldirako aurrekontuak onartu dituzte, bazkideen %89aren botoekin. Aurrekontua igo egingo da aurreko denboraldiarekin alderatuta, 30.000 euro.
Atzo ospatu zuten ohiko batzar orokorra, 108 bazkideren aurrean, Artalekun, pandemiak eragindako osasun neurriak betetze aldera.
Gurutz Aginagalde presidenteak gidatu zuen batzarra, eta eskerrak eman zizkiei bai bazkide baita erakunde publikoei ere “egoera sozial oso zailean” babesa ematen jarraitzeagatik. Esker oneko hitzak izan zituen baita babesle, lehen talde eta teknikarientzat ere Europa Leagueko taldekako fasera sailkatzeko egin duten “denboraldi handiagatik”; eta baita harrobiarentzat ere, “urte zailean denboraldi historikoa” egiteagatik.
Ekonomia, marra gorria
“Urte zaila” izan dela nabarmendu du Aginagaldek, batik bat ekonomia aldetik, eta hortxe ezarria zeukaten “marra gorria”. Bidasoak espero baino galera gutxiago izan ditu, 67.000 euroko galerak aurreikusi zituen, eta, azkenean, 28.000 eurokoak izan dira.
Zentzu horretan, denboraldi berrirako gastuak murrizteko bidea hartu du Bidasoak, Europako partida berriak kenduta. Modu horretara, urtea 10.000 euroko superabitarekin amaitzea espero du, bai gastuari dagokionez baita diru sarrerei dagokienez ere.