22. Txingudi Korrika aurkeztu dute gaur Hondarribian
Irailaren 18an izango da Txingudi Korrika, urteroko ibilbidearekin: Hendaia-Irun-Hondarribia. Segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dira aurtengo lasterketan parte hartzeko, hala nola, txertatze ziurtagiria eduki beharko da.
Bidasoa Atletiko Taldearen (BAT) urteroko Txingudi Korrikaren 22. edizioa aurkeztu dute gaur Hondarribian. Bertan izan dira Bidasoa-Txingudi eskualdeko hiru kirol zinegotziak, Hondarribiko Juan Luis Silanes, Irungo Borja Olazabal eta Hendaiako Michel Arruabarrena. Antolatzaile eta babesle nagusien ordezkariak ere gerturatu dira, Ibon Muñoz BATetik, Borja Ganzarain Salto Systemetik, Ramon Alvarez Urpeanetik eta Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Pilar Fuertes.
Iazko edizioa bertan behera gelditu zen, pandemiak hala baldintzatuta. Baina Muñozek esan du “txertaketa kanpaina aurrera” doalako eta “neurriak arintzen” ari direlako, lasterketa berriz antolatzea erabaki duela BATek. Hilaren 18an hasiko da Hendaia, Irun eta Hondarribia zeharkatuz eta 10 kilometro osatu beharko dute lasterkariek. Bi txandatan irtengo dira, lehenik, rollerrak 16:20ean, eta 16:30ean runnerrak.
Ibilbidea berriz ere berreskuratu dutela azaldu du Muñozek; izan ere, 2019. urteko lasterketan Hendaiako tren geltokiko lanengatik inguru horretatik pasatzea moldatu egin behar izan zuten. Aurten, beraz, beste urteetan bezala, Hendaiako Floridako kaitik (Tribord) aterako dira korrikalariak eta Santiago zubia gurutzatu ostean, Irungo Colon ibilbiderantz joango dira. Bertatik Hondarribian sartuko dira, aireportua pasako dute eta amaiera hondartzako atletismo pista izango da.
Izena emateko aukera irekita dago eta hainbat modu eta lekutan egin daiteke,: online Kirolprobak bidez, eta Leire Sport edo Papicop dendetan aurrez aurre. Dortsalaren prezioa 13 eurokoa da aurretik erosita, baina egunean bertan erosten dutenek, 20 euro ordaindu beharko dute. Palmera Montero gunean jaso beharko dira zenbakiak irailaren 17an, 18:00etatik 21:00etara. Gainera, dortsala hartzeko txertaketa ziurtagiria erakutsi beharko dela azaldu dute antolatzaileek.
Bestalde, Txingudi Korrika Txikia ez da egingo, edukieragatik Stadium Galen ez direlako haur guztiak eta haien senitartekoak sartzen, nahiz Eskola Kirola ez dagoelako martxan.
Segurtasun neurri zorrotzak
Lau koloretan banatu dituzte dortsalak, lasterketa egiteko beharko den denboraren arabera. Koloretako taldeak batez ere hasieran mantendu beharko dira, jende pilaketak ekiditeko. Honen harira, musukoa jantzita eduki beharko da lasterketa hasi baino lehen, gero kendu ahalko dela adierazi dute. Bukaeran berriro jarri beharko da, eta horregatik musuko bana banatuko dute antolatzaileek.
Gerturatuko direnei eskatu diete “hainbat modutan” joatea Floridako kaira. Horretarako, Hondarribitik Hendaiara joateko barkua erabiltzea aholkatu dute, eta Tribord inguruko aparkalekua parte hartzaileen autoentzat erreserbatu dute.
Muñozek oroitarazi du Frantziako Gobernuak ezarritako arauek diotela txertaketaren ziurtagiria erakutsi beharko dela Hendaian sartzeko, beraz “garaiz” mugitzeko eskatu du.