Sorotan Bele berriz entzuteko aukera izango da igandean
Hondarribia Hiria bandarekin, Sorotan Bele Gogoan emanaldia eskainiko dute Urbil Artola eta Gorka Sarriegi taldekideek. Beste behin, sarrera guztiak agortu direla eman dute jakitera udaletik.
Berriz eskainiko dute Sorotan Bele Gogoan ikuskizuna, igandean, Kasino Zaharreko lorategietan, Gorka Sarriegi eta Urbil Artola taldekideek Hondarribia Hiria musika bandarekin batera.
Udalak joan den hilean jada aurreratu zuen “beharbada, iraila aldean bigarren saio bat” egingo zutela, sarrerak ordu erdian saldu zirelako eta jende asko kanpoan geratu zelako.
Beste behin, sarrera guztiak oso azkar agortu direla eman du jakitera Turismo bulegoak. Gainera, eguraldi txarra aurreikusten denez, emanaldia “agian” lekuz aldatuko dutela aurreratu dute ere.