Memoria historikoa landuko dute aste honetan Irunen
Kaleko erakusketa eta hitzaldiak izango dira aste honetako ekitaldirik garrantzitsuenak, eta adierazpen instituzionala prestatzen ari dira.
Memoria historikoaren astea abiatu da Irunen. Gaur bertan aurkeztu dute aste honetarako prestatu dituzten ekitaldiak Santi Jimenez Memoria Historikoko udal ordezkariak eta Aitzol Arroyo alor horretako teknikariak. Jimenezek ekitaldiaren garrantzia nabarmendu du, eta Espainiako Gerraren 85. urteurrena gogoraraziko dutela adierazi du, “biktimei behar duten garrantzia historikoa eman nahi diegu”.
Hiriko hiru gunetan 36ko gerrari buruzko euskarriak jarri dituzte, aire zabaleko erakusketa moduan. San Juan plazan, Zabaltza plazan eta San Migel plazan aurki daitezke eta hilaren 6ra arte egongo dira ikusgai. Hirian barrena “memoria historikoa present egongo den ibilbide bat” egitea da horren xedea.
Horrez gain, bi hitzaldi antolatu dituzte. Bata, bihar izango da, Aitor Azurki eta Miguel Usabiagaren eskutik: Marcelo Usabiaga: Bizitza askatasunaren alde borrokan. 19:00etan hasiko da Amaia KZn.
Bigarren hitzaldia, asteazkenean izango da, Mertxe Trancheren eskutik: Rosas y balas. El preludio de la guerra en Irun. Toki eta ordu berean izango da.
Horrez gain, Jimenezek jakinarazi du adierazpen instituzional bat prestatzen ari direla, ostiralera begira: “Irungo hiriari eta erbesteratuei omenaldi bat” egingo diote horren bidez.
Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IU koalizioak eta gobernu taldeak memoria historikoaren alde lanean jarraituko duela gaineratu du, “ahazturara” ez igarotzeko. “36ko gerra, 40 urte iraun zuen diktadura gure historiako gertakaririk garrantzitsuenak izan dira, baita Irunen ere. Horrenbestez, bai biktimak eta baita demokraziaren alde lan egin zutenak oroitzen jarraitu behar dugu”.