Klara Olazabal Europako txapeldunorde 23 urtez azpiko kategorian
Ur bizietako Europako eslalom txapelketa izan zen aurreko asteburuan eta Santiagotarrak taldeko Haritz Azanza eta Klara Olazabalek hartu zuten parte.
Esloveniako Solkan herrian egin ziren aurreko asteburuan Europako Junior eta 23 urtez azpiko Eslalom Txapelketak. Santiagotarrak taldeko bi piraguista egon ziren bertan, Klara Olazabal 23 urtez beherakoan C1 patruiletan eta Haritz Azanza Junior kategorian C1 eta K1 ontziekin.
C1 patruiletan txapeldunorde geratu zen Olazabal, berarekin batera zihoazen Ainhoa Lameiro galiziarrarekin eta Clara Gonzalez murtziarrarekin batera. Ondoren, bakarka aritu zen irundarra eta finalerdietara sailkatzea lortu zuen, azkenik, hamaikagarren postua bereganatu zuen. Lehia hor amaitu zitzaion, ezin izan zuen finalean parte hartu.
Bestalde, Azanzak ez zuen zorte askorik eduki eta ezin izan zituen sailkapen probak gaindu, eta, ondorioz, ez zuen finalerdietan parte hartu.
Hurrengo ur bizietako hitzordua Leongo Sabero herrian izango du klubak asteburu honetan, Gazteen Espainiako Txapelketa ospatuko da bertan.