Gurutz Aginagalde: "Rodriguez taktikoki oso aberatsa da eta Ugartek kalitate asko dauka".
Gaur goizean Artalekun bi fitxaketa berri aurkeztu ditu Gurutz Aginagaldek, Bidasoa eskubaloiko zuzendariak: Ander Ugarte eta Victor Rodriguez.
Iker Serrano kapitaina joan berri denean, Ander Ugarte Bidasoko harrobitik datorren jokalaria itzuli egin da. Aspalditik desio duen buelta izan dela adierazi du Ugartek eta momenturik hoberenean etorri dela uste du. Aginagaldek erantsi du kalitate askoko jokalaria dela, gauzak ongi egiteko daukan jarrera nabarmendu du.
Victor Rodriguez galiziarra izan da taldearen beste fitxaketa eta zuzendariak berari buruz esan du postu desberdinetan defenditu dezakeen jokalaria dela, gaineratu du “taktikoki oso aberatsa da”.
Rodriguezek etorrerari buruz dio: “Europan jokatu ahal izatea oso interesgarria izan zen niretzat, ez dudalako oraindik maila horretan lehiatu”.
Irailaren 11ean hasiko da ASOBAL Liga eta lehenengo partidua egun berean jokatuko dute Artalekun arratsaldeko 18:30ean, Iruñeko Anaitasunaren aurka.