Bainua debekatu dute hondartzan "kalitateko irizpide mikrobiologikoak" ez betetzeagatik
Kutsaduraren jatorria identifikatu arte ezingo dela hondartzan bainua hartu adierazi du Osasun Sailak.
Uren kalitateari buruz ohiko analisia egin ostean, bainua debekatu dute Hondarribiko hondartzan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ondorioztatu du urak ez dituela kalitateko irizpide mikrobiologikoak betetzen.
Egoera honen aurrean sailak duen jarduketa protokoloa jarri dute abian, eta, beraz, Uraren Euskal Agentziak ikerketa prozedurari ekin dio kutsaduraren jatorria detektatzeko eta “behar izanez gero, neurri egokiak zehazteko”.
Gertakaria amaitu arte egunero aztertuko dute uraren kalitatea eta egunero ere emaitzen berri emango dutela azaldu du Osasun Sailak.