Santurtziri aldea murrizten saiatuko da Hondarribia etxean
Hondarribia B hirugarren postuan dago eta hurrengo astean amaituko da KAE 2 liga. Eusko Label ligan, Ama Guadalupekoa lehen postua bereganatzen saiatuko da.
Bihar eta igandean hiru bandera jokatuko dira Hondarribiko uretan. KAE 2 eta Eusko Label ligako puntuak egongo dira jokoan eta Euskotren ligako neskek lagunarteko banderagatik egingo dute estropada.
Lehenik, larunbatean, 12:00etan, KAE 2 ligako arraunlariak arituko dira lehian, Hondarribiko arrantzaleen kofradiako XV. bandera eskuratzeko. Sailkapen orokorrean, hirugarren da Ama Guadalupekoa ontzia eta hurrengo astean amaituko da liga Colindresen (Kantabria).
Euskotren liga joan den asteburuan amaitu zen Zarautzen izan ziren bi eguneko estropadetan. Horregatik, lagunarteko lehia izango da XIII. Txingudiko bandera-Ondoan saria eta bertan arraun egingo dute Hondarribiko neskek igandean, 11:40etik aurrera.
Azkenik, igandean ere, Eusko Label ligako Hondarribiko XXXIV bandera jokatuko da 12:15ean hasita. Joan den asteburuan bandera etxera ekarri zuten hondarribiarrek eta igandean azken bost urteetan lortu ez duten bandera etxean geratu dadin saiatuko dira.
Hondarribia bigarren postuan dago sailkapen nagusian eta Zarautzen abantaila atera zion Ama Guadalupekoak lehen tokian dagoen Santurtziri, zortzi puntuko aldea dute. Beste hiru estropada geratzen dira Eusko Label liga amaitzeko, beraz, lehia estua espero da bi traineru hauen artean.