Ama Xantalen zentroko egoiliar bat COVID-19arekin hil da
Asteburuan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan zendutako bi erabiltzaileetako bat da Irungo zentrokoa. Beste zortzi sendatu dira azken egunotan.
Ama Xantalen zentroko egoiliar bat koronabirusarekin hil dela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean. Joan diren hiru egunetan zehar bost COVID-19 kasu positibo hauteman dira, denera, lurralde historikoko adinekoen egoitzetan; egun horietan bi egoiliar zendu eta zortzik gaixotasuna gainditu dute.
Gaur-gaurkoz, 34 dira Gipuzkoako egoitzetan diagnostikatuta dauden positibo aktiboak -horietako 14 Irungo egoitzan-. 2020ko abuztuaren 11tik egunera arte, 159 hil eta 727 adineko egoiliar sendatu dira zentro horietan.