TAO zerbitzua ordaintzeko, aplikazio aldaketa
Aurrerantzean, Blinkay aplikazioa erabili beharko dute mugikorrarekin TAO ordaindu nahiko dutenek. Abantaila guztiak mantendu egin dira.
TAO zerbitzua eta Pio XII plazako aparkalekua ordaintzeko aplikazioa aldatu egin dute beste batengatik. Aurrerantzean, Blinkay aplikazioa instalatu beharko dute erabiltzaileek eta Elparking ezabatu. Aplikazio berria Valoriza servicios medioambientales SA enpresarena da.
Lehendik beste aplikazioan dirua zutenek, hura berreskuratzeko aukera dutela azaldu du udalak. Horretarako, aurreko aplikazioak bidalitako mezu elektroniko batean emandako azalpenak jarraitu behar direla esan dute.
Ordaintzeko era honek dituen abantailak aipatu dituzte, adibidez, aparkatzeko denbora luzatzeko aukera, sobera ordaindu den dirua berreskuratzeko sistema eta zigorrak baliogabetu ahal izatea. Bestalde, lau koloretako aparkaldi motak mantendu dituzte ere: urdina, berdea, gorria eta zuria.
Kontratu berri hau sinatzerakoan, aparkatzeko 5.544 toki egongo dira TAO zerbitzuarekin: 1.418 eremu urdinean, 3.957 berdean eta 23 gorrian. Egoiliarrentzako eremu zurian, azkenik, 146 aparkaleku izango dira. Adierazi dute, datozen hilabeteetan arituko direla eremu berriak zabaltzeko lanak egiten.