Asteazkenean bisita gidatuak Ama Xantalen ermitara
Ama Xantalen eguna dela eta, ermitara bisita gidatuak antolatu ditu Alde Zaharra elkarteak datorren asteazkenerako.
Asteazkenean, hilaren 18an, Ama Xantalen eguna da, eta, horregatik, bertako ermita zabalik egongo da 10:00etatik 20:00etara. Sarrerako erakusketa ahalko dute ikusi gerturatzen direnek, baita lehengo solairuan dauden tenpluaren hondarrak ere.
Antolatzaileak, hau da, Alde Zaharra elkarteak, jakinarazi du, erakustaretoan gehienez hamar pertsona batera egon ahalko direla, lehengo solairuan, aldiz, gehienez hemezortzi. Koronabirusa ez hedatzeko neurri gisa hartu dituzte edukiera erabakiak.
Aste honetan ez ezik, udako igande guztietan bisitatzeko aukera egongo da. Goizeko 11:00etatik aurrera irekiko dituzte ateak eta nekropolira bisita gidatuak egingo dituzte, Irun erromatarra tourra egiteko aukera ere egongo da Oiasso museoaren eskutik. Helduen prezioa 5,5 eurokoa da eta 6 eta 14 urte bitartekoek 3,85 ordaindu beharko dute. Besteek, doan. Izena emateko 943 63 93 53 telefonora deitu behar da.
Bestalde, abuztuaren 21ean eta 28an, 14 eta 25 urte bitarteko gazteentzako bisitak antolatu ditu Oiasso erromatar museoak. Ermitaren bilduma arkeologikoa ezagutzeko aukera egongo da eta EHUko ikasleek parte hartuko dute bisitan. Arratsaldeko 17:00etan hasi eta 19:00ak arte iraungo du ekintzak eta parte hartzea doakoa den arren, izena eman behar da 943 63 93 53 telefono zenbakira deituta.
Ermitaren historia
Erlijio gaietarako erabili izan zen 2000 urtez: Oiassoko hiletak eginteko nekropoli gisa, X. mendean eliza txiki bat izan zen, XIV.mendean tenplu kristau bat sortu zen, elizaren ordez, eta, azkenik, gaur egungo forma eman zitzaion XVI.mendean, neurriak aldatuz.
Euskal kultur ondarearen barruan babes berezia duen kultur ondasunetako bat da Ama Xantalen ermita, hala dio, maiatzaren 6ko 6/2019 Legeak. Berdin arrazoitzen du urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuak, zeinek dioen, Donejakue bidearen zatiari dagokion ondasuna dela.