Munduko bela txapeldunei harrera egin die udalak
Decoexsa taldeko emakumeak izan ziren garaile aurreko hilabetean jokatu zen munduko bela txapelketan. Sagarzazuk kirol erreferenteen beharra nabarmendu du.
Uztaila hasieran izan zen belako munduko txapelketa Danimarkako Rungsted hirian, eta J80 kategoriako lehen postuan sailkatu ziren Decoexsa taldeko emakumeak. Gaur, Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes kirol zinegotziak, harrera egin diete udaletxean taldeko hiru kirolariei, Olatz Muñoz, Patricia Alza eta Marta Lizarragari.
Sagarzazuk, “lortutako arrakastagatik” zorionak emateko aprobetxatu du ekitaldia, eta, uste du, horrelako harrerak egitea, herritarrek kirol maila “oso ona” dutela erakusteko balio duela.
Nabarmendu du ere, atzetik datozen belaunaldientzat erreferenteak izatea garrantzitsua dela: “Ziur nago horrek haur eta gazte gehiago bultzatuko dituela kirola praktikatzera”.