1936an Pikoketan fusilatutakoak omendu ditu udalbatzak
85 urte bete dira Pikoketan, faxistek, 13 gazte komunista eta karabinero fusilatu zituztenetik. Omenaldia egin diote udalbatzako ordezkariek.
Pikoketan 1936ko abuztuaren 11n fusilatutako 13 gizon emakumeen omenezko ekitaldi bat egin du udalbatzak, Blaiako hilerriko udal panteoian. PP izan ezik, alderdi guztietako ordezkariak egon dira bertan, tartean, Santi Jimenez memoria historikoaren ordezkaria eta Jose Antonio Santano alkatea.
52/2007 Legeari jarraituz, Irungo Udala behartuta dago Gerra Zibileko edo Frankismoko “memoriari lotutako konpromisoak” bultzatzera, eta horregatik udalak dioenez, segada eta fusilamendu hau omendu dute, gertakarien 85. urteurrenean.
Segada eta fusilamendua
Beorlegi koronel faxistaren tropak, Pikoketa inguruko baserri batean zeuden 16 gazte boluntario eta karabinerorengana abiatu ziren gaueko 00:30ak aldera, koronelaren operazio egunkariak azaltzen duenez. Irungo Gazteria Komunistaren kide ziren boluntarioak, eta frankisten arabera, arma laburrak eta metrailadore bat zeramaten gainean.
Mendian behera korrika joanez, eta sastraka artean gordeta geldituz, ihes egitea lortu zuten bakarrak izan ziren Patxi Arozena eta Alejandro Colina. Izan ere, borroka bat egon zela dio faxisten egunkariak, eta ondorioz, frankistek, 9 gazte eta 4 karabinero fusilatu zituzten:
- Mertxe Lopez Cotarelo. 16 urte.
- Pilar Valles Vicuña. 18 urte
- Jose Maria Arruti Idiakez. 18 urte.
- Victor Genua Montiano. 25 urte.
- Jesus Lopez Casado. 26 urte.
- Agapito Dominguez Taguada. 23 urte.
- Bernardo Usabiaga Jauregi. 17 urte.
- Manuel Justo Alberdi. 22 urte
- Felix Luz Etxeberria. 27 urte.
- Miguel Jacinto Lopez. 49 urte.
- Vicente Argote. 46 urte.
- Agustin Miguel Bermejo. 39 urte.
- Angel Braña Lopez. Adinik ez.
1976an hasi zen Marcelo Usabiaga, fusilatuetako baten anaia, hildakoen gorpuak bilatu nahian. Bi urte geroago aurkitu zuten hobia eta 1978ko uztailaren 28an bertatik atera zituzten, ondoren, Blaiako hilerrian lurperatu zituzten. Ordutik, urtero, udan eta udazkenean, bina omenaldi egiten dira: Pikoketan eta hilerrian.