‘Hemen gaude, dena ongi’ ikuskizuna, ostiralean
Rouge Elea konpainiak musika, aireko zirkua eta dantza uztartzen ditu bere ikuskizunetan. Sarrerak jada erosi daitezke ohiko lekuetan.
Rouge Elea konpainiak ‘Hemen gaude, dena ongi’ ikuskizuna aurkeztuko du Kasino Zaharreko lorategietan, ostiralean 19:00tan. Emanaldi hau ikusteko 3 euro ordaindu beharko dira Arma plazan edo esteka honen bitartez.
Konpainia honen ikuskizunek aireko zirkua, dantza, musika eta objektuen arteko bidegurutzean dagoen poetika aztertzen dute. Konpainiak forma artistiko desberdinak lantzen ditu mundua eta gizakia bere konplexutasun osoan galdetzeko. Taldeak azaldu du, izatearen zentzuaz galdetzen ariko direla ostiralean, “pikutara doan” gizarteari begira. Existentziaren inguruan jorratutako gidoia da.
Ikuskizun honetan, bi emakume eta gizon bat dira protagonistak eta nerabezaroan gertatu zitzaien pasadizo bati buruz ariko dira solasean. Usteko dute, munduko azken hiru hartz zuriak direla, noraezean dabilen izeberg baten gainean. Halako batean, barre esanguratsu baten ondorioz, promesak egingo dizkiote batak besteari eta momentu hura gelditzen saiatuko dira.