Migratzaileei aterpea ematea ez dela nahikoa salatu du EH Bilduk
Migrazio politiken eskumenak dituzten euskal erakundeei "beste alde batera" begiratzeari uzteko eta lanean hasteko eskatu die EH Bilduk.
Gaur, oraindik ofizialki hildakoa identifikatuta ez zegoenean, adierazpenak egin ditu EH Bilduk, igandean zendutako gizon migratzailearen kasuaren harira. Orduan, izena eta abizenak dituen pertsona bat dela esan du eta bizi proiektua baldintza duinetan garatu nahian Bidasoa ibaian hil zela uste du koalizioak. Elkartasuna adierazi dio alderdiak hildakoaren gertukoei.
Egungo migrazio politikak “goitik behera iraultzea” eskatu du EH Bilduk “drama hauekin” amaitzeko. Gaineratu dute, Europako mugek lotsa ematen dutela eta migratzea giza eskubidea dela. Pandemia aitzaki gisa hartuta, kontrolak jarri izana salatu du alderdiak, beraien hitzetan, migratzaileen egoera are gehiago gogortu baita: “Tamalez ez da lehen kasua eta gizarte bezala ezin dugu horrelakorik onartu”.
Migratzaileei aterpea ematea bakarrik nahikoa ez dela adierazi dute abertzaleek, eta azaldu dute, askotan ulertezinak diren irizpide burokratikoak pasa behar dituztela aterpetxeen erabiltzaileek. Instituzioek “beste alde batera” begiratzeari utzi eta lanean hasteko garaia dutela uste du udal taldeak.
Irungo Harrera Sareari eskerrak eman dizkio ematen duten babes, laguntza, gertutasun eta gizatasunagatik. Beraien esanetan, taldeari esker, Irun benetako harrera herria izatetik gertuago dago.