Diru laguntzak emango dituzte TicketBai sistema berrira egokitzeko
TicketBai fakturazio sistema berrira egokitzeko diru laguntzak emango dizkio Irungo Udalak establezimenduei. Eskaera epea urriaren amaieran amaituko da.
TicketBai sistema berria ezartzeko laguntzeko asmoz, irungo merkatariei digitalizaziorako laguntzak emango dizkio udalak. Horretarako, 120.000 euroko aurrekontua erabiliko dute, Irun aurrera planaren barruan onartu dena. Hasiera batean, 60.000 euroko aurrekontua zegoen baieztatuta, baina hainbat sektorek egindako eskaeren ondorioz, kreditua bikoiztu egin dutela adierazi du udal gobernuak.
Euskadiko hiru ogasunek sortu duten fakturazio sistema berri bat da TicketBai. Helburua, udalak azaldu duenez, jarduera ekonomikoen diru sarrerak kontrolatzea eta zergadunei beren betebehar fiskalekin laguntzea da. Sistema berri hau ezartzeko, aplikazio informatiko bat instalatu behar da 2021. urtea amaitu baino lehen, eta horretarako, hainbat enpresek aplikazio desberdinak eskaini dituzte, Eusko Jaurlaritzak zerrenda bat argitaratu du aukera guztiekin.
Diru laguntza, sistema informatikoak aldatzeko, edota sistema berri hau instalatzeko beharrezkoak diren terminalak erosteko erabili beharko dela adierazi du udalak. Gehienez justifikatutako gastuen %80a hartuko du beregain laguntzak, establezimendu bakoitzeko gehienez 1.500 euro. Beste 1000 euro gehiago emango dute IFZ beraren peko establezimendu gehigarri bakoitzeko.
Egokitzapen digital hauek egin behar dituzten era guztietako establezimenduei emango zaizkie diru laguntza hauek, adibidez, ile apaindegiei, taxiei, ostatu emateko zerbitzuei, irakaskuntza ez arautuari edo kirol instalazioei. Herritarrentzako Arreta Zerbitzura gerturatuz edo beraien orrialdearen bidez egin beharko dute interesdunek eskaera urriaren 31a baino lehen.