Pandemia aurreko zifretara iritsi da uztaileko hotel okupazioa
Turismo bulegoak 1028 bisita jaso ditu hilabete honetan eta hotel okupazioa %90koa izan da.
Turismoaren uztaileko balantzea egin du Bidasoa bizirik agentziak. Aurreko udaran bezala, hotelen okupazioa %90koa izan da aurtengo uztailean. Miguel Angel Paez Bidasoa bizirikeko presidenteak, turismoa goraka dabilela hirian nabarmendu du: “Duela bi urte esan genuen Irungo turismoa goraka zebilela, eta datu hauek baieztatu besterik ez dute egiten hiriak bisitariak erakartzeko ahalmen handia duela”.
Irungo turismo bulegora 1028 pertsona gerturatu dira hilabete honetan, horietatik %69 Espainiatik, %17 Frantziatik eta %14 beste herrialdeetatik, gaineratu dute batez ere alemaniarrak izan direla. Orokorrean, Irunera etorri diren turisten %74 Espainiatik etorri dira eta beste %26 atzerritik, zehaztu du agentziak.
Turismo sektorean lan egiten duten bi langileren iritzia jaso dute ere. Atalaia hoteleko arduraduna den Maria Fernandez de Valderranak esan du, hotelaren okupazioa hilabete honetan “ona” izan dela. Uztaila amaierari begira esan du erreserbak betetzen ari direla: “Orain oso ondo ari gara lanean, eta hilabete bukaerarako erreserbak ere betetzen ari da, eta hori ez zen hain ohikoa beste urte batzuetan”.
Bestalde, David Rodriguezek, Danako jatetxeko jabeak bat egiten du balorazioarekin eta mugatuta sentitu arren,”oso ondo” lan egin dutela azaldu du: “Oso mugatuta gaude, barran ezin baita kontsumitu eta jantokiak mahai gutxiago baititu, baina mugimendua nabaritu dugu”.