Uztaileko hotel okupazioa iazkoaren "oso antzekoa" izan da
Batez besteko egonaldia bi gauetakoa izan da eta turista gehienak Espainiatik etorri dira.
Turismoaren uztaileko balantzea egin du Bidasoa bizirik agentziak. Hotel okupazioa ia %70 izatera iritsi da eta kopuru hau, iazkoaren “oso antzekoa” izan dela iragarri du Miguel Angel Paezek, Bidasoa bizirikeko presidenteak. Batez beste bi gau geratzen dira bisitariak.
Hilabete honetan, turismo bulegoetatik 9376 pertsona igaro dira, aurreko urteko uztailean baino 1700 bisitari gehiago, agentziak esan duenez. Turista horietatik 7302 Espainiatik etorritakoak izan dira eta beste 2074 pertsona atzerritik gerturatu dira Hondarribira “batez ere frantsesak” turismo bulegoak zehaztu duenaren arabera.
Turismo sektorean lan egiten duten bi langileren iritzia jaso dute ere. Jauregi hoteleko arduraduna den Gonzaga Jauregik azaldu du: “Egun batean erreserbatu egiten dute eta hurrengoan bertan behera utzi. Jendea azken unera arte zain egoten da.”
Bestalde, Txantxangorri eta Branka jatetxeetako jabea den Xabier Tifek mugimendua “lasaia” izan dela uste du: “Jendea lehenago erretiratzen dela nabaritu dugu. Lehen sukaldea beranduago ixten genuen”.