Aurtengo kreditu aldaketan 400.000 euro gehiago EH Bilduk proposatuta
Diru partidak alor desberdinetara bideratu ditu EH Bilduk eta gaineratu dute, beraien proposamenekin 400.000 euro gehitu dituztela.
Joan den ostiralean izan zen udalbatzan, aurtengo aurrekontuaren kreditu aldaketa onartu zuten. Zuzenketa ezberdinak egin ostean, 400.000 euro gehitu dizkio EH Bilduk 2021.urteko aurrekontuari. Lau zati nagusietan banatu ditu alderdiak bere proposamenak:
- Partida handiena 117.000 eurokoa dela adierazi dute abertzaleek eta udalaren eskumenekoak diren “landa bideak konpontzeko” erabiliko direla eman dute jakitera: “Landa bide askotan beharrezkoak diren konponketa eta mantentze lanak egitea ahalbidetu dugu”.
- Tokiko kulturaren apustua egin nahi izan dutela azaldu du koalizioak eta horregatik, Kultura Km0 programari 100.000 euro gehitu dizkiote. Programaren baitan dauden lanak erosteko 5.000 euro gehitu dituztela adierazi dute ere.
- Bizikletentzako takila aparkalekuak ezartzeko proiektu pilotu bat martxan jarriko dela eta, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin nahi dutela azaldu du EH Bilduk eta ondorioz, 20.000 euro bideratu dituzte hartara.
- Eskola kirolean nesken parte hartzea indartzeko ikerketa bat abian jartzea proposatu dute abertzaleek eta gauzatu ahal izateko 10.000 euro erabiltzea onartu dute: “Izan ere, eskola kirolean neskek parte hartze baxua dute eta ikerketa honekin Irungo neska bakoitzak kirolaz disfrutatzeko aukera izatea bermatu nahi dugu”.
Kreditu kopurua zehaztu gabe, EH Bilduk esan du kreditu aldaketa honi egindako beste ekarpen nagusiak gai hauei buruzkoak direla: Tokiko merkataritza sustatzea, gazteen programazioa indartzea, euskara sustatzeko diru laguntzak ezagutarazteko kanpaina eta udal liburutegian euskarazko materiala erosteko partidak.