Irisgarritasuna hobetzeko seinale berriak jarri ditu udalak eraikin publikoetan
Ikusmen edo entzumen urritasuna zein desgaitasun kognitiboa duten herritarrei zuzendutako seinaleztapena egokitu du Irungo Udalak.
Ikusteko edo entzuteko desgaitasuna edo desgaitasun kognitiboa dutenentzako seinaleak ordezkatu, beharrezkoa zen neurrian osatu edota seinale “erabilerraz eta bateratuagoak” egin ditu Irungo Udalak eraikin publikoetan. Palmera Montero gunean, CBA Liburutegian, Amaia Kultur Zentroan eta Gizarte Ongizate eta Hezkuntza eta Gazteriako bulegoetan jarri dituzte seinale hauek. Horretarako, lehenik, azterketa bat egin zuen udalak erabiltzaileen profila eta instalazioen behar teknikoak baloratze aldera.
Ikerketaren emaitzek azaleratu zutenez, erliebeko plakak eta braille sistemak estandarizatuen dauden hizkuntzak direla, eta kolore gama nabarmenegiak ez erabiltzea komeni dela. Ondorioz, leku batzuetan QR kodeak jarri dituzte instalazioari buruzko azalpenak entzun ahal izateko.
Asmoa, espazio publikoak irisgarriagoak eta atseginagoak izatea izan dela adierazi du udalak. Aldi berean, Monica Martinez Gizarte eta Herritarren Parte Hartzerako zinegotziak adierazi du, herritar guztien “orientazioa eta autonomia sustatzea” izan dela helburua. David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak gaineratu du, proiektu hau Elkarrekin Podemos Ezker Anitza taldearen zuzenketa baten ondorioz egin dela.
Guztira 15.000 euro erabili dituzte proiektua egiteko eta udalak nabarmendu duenez, lorpenak honako hauek dira: “Erabiltzaileei segurtasuna, autonomia eta autoestimua ematea; lokalizazioa eta orientazioa nabarmen hobetzea”. Besteak beste, instalazioei “balio erantsia” eman zaiela uste du udalak, erabiltzaile guztien aniztasuna, elkartasuna eta parte hartzea sustatzen duelako. Guztientzat seinale normalizatuak izan daitezen eskatu du udaleko sailak.