BAT: "Errandonea klubaren ikur eta harrobiaren filosofiaren ordezkari bihurtu da"
Teresa Errandonea lasterkari irundarrak Olinpiar Jokoetara iristeko egin duen lana zoriontzeaz gain, egun horiek "harro eta pribilegioz" bizi dituztela nabarmendu dute.
Teresa Errandonea 2021eko uztailaren 31n lehiatu zen lehen aldiz Olinpiar Jokoetan, eta Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) zoriondu egin du atleta bere lanak emandako emaitzagatik: “Olinpiar Jokoetara joateko bere ametsa errealitate egiten jakin du eta Espainiako historiako 100 metroko hesi lasterkari hoberenen artean sailkatu da”. Irungo atletismo taldeak gaineratu duenez, klubaren historian lehen aldiz Olinpiar Jokoetara joan den atleta izan dela Errandonea, eta “oso harro eta pribilegioz” bizitzen ari direla: “Errandonea klubaren ikur eta harrobiaren filosofiaren ordezkari bihurtu da”.
Izan ere, Errandoneak aitortu zuen bere ametsa betetzen ari zela Tokiora joanez, baina horretarako,”poliki-poliki eta pazientziaz” lan egin behar izan zuela. Adierazpen hauekin bat egin du BATek ere: “Oso erregularra izan da eta oso zorrotz ibili zen”.