Hobetze lanak egingo dituzte Stadium Galeko zelai txikian
Kirol diputatuaren bisita aprobetxatu du Igor Emery, Real Unionen zuzendari berriak, zelaia erakusteko eta proiektu berriari buruz hitz egiteko.
Kiroletako Gipuzkoako diputatua, Harkaitz Millan, Stadium Gal bisitatzen egon da gaur, Jose Antonio Santano alkatea eta Igor Emery Real Unionen zuzendariarekin batera. Taldearen proiektu berria aurkezteko eta zelai txikian egingo dituzten lanei buruz hitz egiteko bisita izan da. Izan ere, uztailean izendatu zuten Emery Real Unioneko zuzendari berria.
Zelai txikian hobekuntza lanak egiteko asmoa adierazi du Emeryk, eta horretarako, Foru Aldundiaren laguntza lortu du klubak: “Real Unionek ahalik eta kirol instalazio hoberenak behar ditu, eskualde osoan futbolean goi mailan jokatzen segitzea bermatzeko” adierazi du foru diputatuak. Santanok esan du talde askorentzat “oinarrizko zelaia” dela eta bertan izaten diren entrenamenduak eta Eskola kirola nabarmendu ditu.
Irungo Udalak zehaztu duenaren arabera, ateak, aulkiak, zakarrontziak, baranda babesgarriak eta alboetako kanaletak berrituko dituzte. Aldi berean, lau dorreetako 2.000na watteko 32 proiektagailuak desmuntatuko dituzte, 1.420 watteko hamasei dorre jartzeko. LED argiak izango dira eta horrela, zelaia “uniformekiago eta gehiago” argiztatu nahi dute. Gainera, belar artifiziala ordezkatuko dute ere.
Lan hauek “datozen egunetan” hasiko direla dio udalak eta burutzeko bi hilabete izango ditu OPSA Obras y Pavimentos Especiales enpresak. Guztira diru publikoaren 368.541 euro erabiliko dituzte eta horietatik Foru Aldundiak 150.000 euro jarriko ditu Santanok zehaztu duenez.