Ostiralean Afrikako soinuez beteko da Gain gainean parkea
Pasa den hilabetean hasi zen Girabira programazioaren bigarren saioa egingo dute ostiral honetan.
Girabira programaren baitan, dantza eguna antolatu dute Gain gainean parkean ostiralerako, abuztuak 6. Joan den uztailean hasi ziren kulturaren alor desberdinak biltzeko asmoa duen programazioaren bigarren edizioarekin eta parkeetan izaten ari dira ekintza guztiak.
Afrikan dagoen Guinea Konakryko Mandeng dantza ikasteko tailerra egongo da lehenik arratsaldeko 19.00etan. Irakaslea Amalur de los Santos izango da eta Kawadeni perkusionista taldeak jarriko du musika. Dantza konakriar honek, dantza tradizionala joera modernoekin uztartzen ditu, udalak azaldu duenaren arabera. Parte hartzeko izena eman behar da aurretik orrialde honetan.
Tailerra amaitu ostean, arratsaldeko 20:30ak inguruan, Frikun talde baionarrak kontzertua eskainiko du. Talde honen eskutik, afrobeat musika, blues eta rocka entzun ahalko direla baieztatu du udalak. Sarrerak emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago ahalko dira eskuratu parkearen hasieran.
Segurtasun neurriak bete beharko direla ohartarazi dute eta bakoitzari eserleku bat esleituko zaiola aurreratu du Irungo Udalak.