[Erreportajea] Txuri-beltz aro berria
Hilaren 21ean ofizialki abiatu zen Real Unionen aro berria. Emery familiak zuzenduko du aurrerantzean kirol elkartea; Igor Emery da lehendakari berria. Klubak «jauzi kualitatiboa» eman dezan eta «txuri-beltz harrotasuna» zabaltzeko indarrarekin dago kargua hartu berritan.
«Sentimendua, ilusioa eta bihotza, baina batez ere, erantzukizuna da Emery familiak eskaini nahi diona Real Unioni». Hitz horiekin hasi zuen Igor Emeryk ekainaren 18an proiektua aurkezteko eskaini zuen agerraldia. Hilaren 21eko Real Unionen Batzar Orokorrean, akziodunek proiektu berriaren egitasmoen alde eman zuten botoa. Beraz, 22 urteren ondoren eta modu ofizialean, talde txuri-beltzak lehendakari berria du. Ricardo Garciaren ondoren, Emery familiak hartuko du taldearen gidaritza lana: Igor Emery kazetari ohia izango da aurrerantzean Irungo futbol taldea zuzenduko duen agintaria.
Sozialki, instituzionalki eta ekonomikoki Real Union sendotzeko helburu garbiarekin lanean arituko da Igor Emery. Hala adierazi zuen duela aste batzuk Antxeta Irratian eskaini zuen elkarrizketan. Bitartean, Behe Bidasoa bailarako eta inguruko futbolzaleak ilusioak gainditu ditu emerytarren proiektu berri horrek. Familiaren erroek bultzatu dituzte Igor eta Unai abentura honetan murgiltzera, eta erro horiek Behe Bidasoa eskualdeaz harago zabaltzea izango dute mugarri.
Erantzukizun handia da hain historia handiko klub baten mandatari izatea, eta familiak lagunduta arinagoa izango delakoan dago Igor Emery. 1915.urtean sortu zen Real Union, Espainiako Ligako aitzindarietakoa da, eta Espainiako Kopa lautan irabazi du. Garaikur horietako bi Igor eta Unai Emeryren aitonak irabazi zituen, Antonio Pajarito Emeryk. Beraz, familiak txuria eta beltza bihotzean daramatza, Real Union handiaren parte izan zen eta berriro, handi egin nahi dute: «Familiak transmititu dizkigun erroak era honetan helarazi eta zabaldu nahi ditugu, Real Union berriaren kudeaketan parte zuzena izan nahi dugu, taldearen izaera loriatsua berreskuratzeko». Nahikoa zentzu familiarra ez bazuen egitasmo berri honek, familia handitzeko asmoa du Igor Emeryk: «Real Unionen eta gure familiaren historia da zentzua ematen diona proiektu honi. Gaur egun klubaren egoera zein den kontuan izan behar dugu eta gure erronka da, epe motzean, Real Unioni egonkortasuna ematea eta klubak osasuna izatea, arlo sozialean ere bai».
Itxura aldaketa
Emerytarren egitasmoak erronka handia badu, taldeak kirol arloan duena ez da gutxiagorako. Denboraldi bikain baten ondoren eta azken hiru urteetako larritasunak atzean utzita, Real Unionek Lehen Federazio Maila berriko plaza eskuratu zuen. Maila berean jarraitzen du, Espainiako Estatuko futboleko brontzezko mailan, baina bada ezberdintasun handi bat. Pasa den urtean 102 taldek osatzen zuten Bigarren B Maila, eta heldu den sasoian 40 izango dira Lehen Federazio maila lehian arituko diren taldeak. Hain zuzen ere, talde irundarra Bigarren B Mailara igo zen lehen aldiko —1977ko uztailaren 7ko— formatu bera berreskuratu du txapelketak. Hogei taldeko bi multzotan banatuko da liga, lehen bi sailkatuak zuzenean Bigarren A Mailara igoko dira, eta bi multzoetako azken bost taldeek plaza galduko dute zuzenean. Real Union lehen multzoan arituko da eta Tudelano, Athletic B, Ferrolgo Racing, Santanderreko Racing, Coruñako Deportivo, Leongo Kulturala, SD Logroñes edota UD Logroñes bezalako arerioak izango ditu, besteak beste. Ez da sasoi erraza izango aurtengoa, ezta gutxiago ere.
Horregatik guztiagatik, Igor Emeryk zein atzean duen taldeak oso garbi dute Real Unionek itxura aldaketa behar duela: «Sozialki, instituzionalki, ekonomikoki eta baita azpiegiturei dagokienez ere». Harrobia eta azpiegiturak hobetzeko asmoa du emerytarren proiektuak, eta lehen urratsak egin berri dituzte. Mikel Jauregirekin akordio batera iritsi dira, orain arte Hondarribia Futbol Elkarteko zuzendaria izan denak talde irundarrean lan egin dezan. Unai Emeryren konfiantzazko pertsona da, Valentzian zein Moskuko Spartak taldeetan bere laguntzaile izan baitzuen. Bokazioz formatzailea den teknikaria da Jauregi, harrobiarekin lan egitea gustatzen zaien horietakoa, futbola modu bereizgarrian ulertzen duena. Horrekin batera, berriki, Irungo Udalak Stadium Gal ondoko belar artifizialeko zelaia berritzeko lanak esleitu ditu. Harrobia etxean eta fundamentuz entrenatzeko neurri garrantzitsua izango da, hazteko ezinbestekoa.
Horri oso loturik, epe luzera, anbizio handiko proiektua buruan du Igor Emeryk: «Stadium Galen itxura, zentzu guztietan, aldatu nahi dugu. Instalazioaren, taldearen eta klubaren, osotasunean, irudia aldatu nahi dugu. Instalazio aldetik amets bat dugu epe luzerako: gure harrobiak bere etxean jokatzeko eta hazteko aukera izan dezan, hainbat zelai izango lituzkeen kirol-eremu bat sortzea nahi genuke. Hori guztia ez dago gure esku, Irungo Udalak ere badu zer esan».
Bidasoa ibaiaz haragoko proiektua
Real Unionek, proiektua zabaltzeko, Behe Bidasoa eskualdeko taldeekin harremanak sendotu behar ditu. Irungo Mariño, Behobia, San Martzial eta Landetxa taldeekin dituen hitzarmenez gain, eskualdetik haragokoekin ere harremanak indartu nahi ditu talde txuri-beltzak. Harremanak berreskuratzeko lanean hasi direla aitortu du Igor Emeryk. Hala, talde hitzarmenak Nafarroara ere hedatu nahi dituztela adierazi du. Eskualde estrategikoa da horretarako Behe Bidasoa, Irun eta Hondarribiko taldeez gain, Lesakako Beti Gazterekin eta Berako Gure Txokoarekin harreman sendoak sortzeko aukera ematen du. Gainera, Hendaia eta Baionako taldeekin hitzarmenak egitea ere buruan du Igor Emeryk: «Hendaiako Les Eglantins taldearekin bildu gara jada, baita Baionako Avironekin ere. Azken honek, nahiz eta Athleticekin hitzarmena izan, bi taldeen arteko elkarlana sendotzeko ahaleginak egin nahi ditugu».