[Elkarrizketa] «Klub historikoen kontra lehiatuko gara aurten»
Aste batzuk daramatza entrenatzen Real Unionen lehen taldeak. Zulaikak garbi du eguneroko lanak izan behar duela sasoiaren ardatz.
Oporren ondoren, nola ekin diote Aitor Zulaikak eta taldeak denboraldi-aurreari?
Oporren ondoren, beti bezala, gogotsu eta lanerako prestutasun guztiarekin. Lehen asteak osatu ditugu eta ikusitakoarekin pozik naiz.
Maila berrian arituko da Real Union, polita bezain zaila izango al da aurtengo denboraldia?
Guztiz ados galderan adierazitakoarekin, polita bezain zaila izango baita aurtengo sasoia. Zelai ikaragarrietan jokatuko dugu, non estadioak oso politak diren eta jende asko sartzen den. Klub historikoen kontra lehiatuko gara aurten, urteetan zehar lehen mailan aritutakoak. Horietan jokatzeak gogoa eta ilusioa pizten du, baina zailtasun maila ere handituko du.
Denboraldi-aurreko lehen entrenamenduetan, zer eskatu dio Aitor Zulaikak taldeari?
Orain arte egin ditugun entrenamenduak adaptaziozkoak izan dira. Jokalari gehienak, gutxienez, bi hilabete geldirik egon dira eta epe horrek adaptazio prozesua behar du. Horregatik, lehen asteetan, korrika serieak eta baloiarekin teknika lanak landu ditugu, analitikoki eta bakartuta jokalariek pixkanaka egoera fisikoa hobetu dezaten. Asteak aurrera egin ahala, oposizioarekin eta taldeko taktikarekin sartuko ditugu entrenamenduetan. Era batekoak edo bestekoak izan, entrenamenduetan eskatzen dugun konpromiso bakarra gehienezko esfortzua ematean datza.
Taldeak jokatuko dituen zazpi lagunartekoetan, zer ikusi nahi du Aitor Zulaikak?
Talde gehienek denboraldi-aurrean bilatzen dutena: ligan zehar praktikan jarri nahi ditugun elementu taktiko, tekniko eta fisikoak ahalik eta gehien garatu.
Zer iruditzen zaizu taldearen osaketa? Aurpegi berri ugari daude.
Ohiko aldaketak egin ditugu, aurreko urteko taldea hobetzeko asmoarekin. Bigarren B Mailako kontratuen iraupena ez da oso luzea izaten, eta taldeak urtero aurpegi berriak bilatzera behartuta daude. Konparaketetan sartuz gero, Calahorrak hamalau fitxaketa egin ditu, Zamorak 11 eta Leongo Kulturalak beste hainbeste. Guk zazpi egin ditugu orain arte. Momentuz, ligako fitxaketa gutxien egin duen taldea gara. Batzuk gauzatzea geratzen zaigu, aurrealdean bereziki, baina orain artekoarekin pozik naiz.
Goizegi al da denboraldiko helburua ezartzeko?
Ez da goizegi. Ni eta nirekin lanean dabilen lantalde teknikoa oso argiak gara gai horretan. Guretzako egungo helburua da asteleheneko entrenamendua ahalik eta hobekien prestatzea. Astelehenaren ondoren, gure helburua izango da hurrengo eguneko entrenamendua modurik onenean prestatzea. Hori da gure eginbehar bakarra astelehenetik larunbatera, gero igandean irabaztea merezi ahal izateko. Gero irabazi, berdindu edota galdu egingo dugu, baina eginiko lanarekin pozik eta lasai geratu behar gara beti.
Ziurrena da Stadium Galera zaleak itzultzea. Une hori iristeko gogotsu al zaudete?
Gogo handia dugu. Kirol ekitaldi guztiak zaletuentzako dira; haiek gabe egon izana futbolaren funtsarik gabe egotea izan da. Horrez gain, zaleek eskaintzen diguten berotasuna eta motibazioa berreskuratzea polita izango da. 5