[Galeria] Berdintasuna berretsi da boto betetze ekitaldian
Irungo Udalbatzak osorik parte hartu du bigarren urtez boto betetze ekitaldian. Iaz errekuperatu zuen tradizioa udalak, bi hamarkadez etenda egon ostean.
Pandemiak sanmartzialetan ohitura nagusiei eragin die, eta egitarau ofizialarekin batera, alardea bertan behera geratu da. Alternatibak, ordea, sortu dira, eta horietako bat boto betetze ekitaldia izan da. Iaz berreskuratu zuen udalak ohitura hori, eta aurten berretsi du, berriz ere Udalbatzako kide guztiek parte hartu duten ekitaldian. Jose Antonio Santano alkatea egon da lehen lerroan, eta bere atzetik udal talde guztietako bozeramaileak, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza eta EH Bilduko ordezkariak izan ezik. Aldarrikapen kutsuarekin, euren bigarrenak izan dira protagonista boto betetze ekitaldian, Miren Etxebeste eta Oihana Briones, hurrenez hurren. Biak, gainera, soldaduz jantzita.
Ekitaldian mazolariak eta txistulariak ezin ziren falta eta txistularien doinuek moztu dute isiltasuna. Bukaeran, Santanok hartu du hitza, Gora Irun, Gora San Martzial! oihukatuz.
Ondoren, adierazpen batzuk egin ditu alkateak, eta “San Martzial Egun arraroa” izaten ari dela esan du bigarren urtez jarraian, eta ezin izan dutela”nahiko luketen bezala” ospatu. Udal talde guztiek parte hartu dutela azaldu du, eta “garai zail hauetan, batasuna” erakusten duen irudia transmititu dutela. Bestalde, herritarrei eskerrak eman dizkie euren jarrerarengatik, “espero dugu azken urtea izatea alarde edo San Martzial Egun triste hau dugula”.