Ostadar bandera udaletxean dago
Gaurko Harrotasunaren Eguna dela eta, ostadar bandera jarri dute udaletxean. Hainbat ekitaldi izango dira arratsaldean.
LGTBI Harrotasunaren Eguna da gaur, eta, udaletxea ere horren erakusle da: ostadar bandera jarrita dago, udalak egun horrekin bat egiten duela adierazteko.
Gaur arratsaldean izango dira Harrotasunaren Egunarekin lotutako ekitaldiak. 17:00etatik aurrera, Gehitu elkartearekin elkarlanean, ostadar banderak, txapak eta sentsibilizatzeko materiala banatuko dituzte hiriko zenbait puntutan: Nagore Laffage parkean, Zabaltza plazan, Alberto Anguera plazan, Lapurdi kaleko parkean, San Juan plazan, Urdanibia plazan eta bidegorriko sarreran (Pierre Lhande ibilbidea).
Horrez gain, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Bizi, gozatu, zisheteroarautik askatu lelopean, Urdanibia plazan. Asanblea ireki batek antolatu du, eta elkarretaratzearen bukaera, mikrofono irekia izango da norberak bere iritzia emateko. Hala nola, galdera batzuk planteatuko dituzte, honakoak bezalakoak: Zer esan nahi du E28 zuretzat?, Nola eragin dizu sexu askapenak? Eta LGTBIQ+ fobiak?.