Migranteen gaia landuko dute Ur Handitan programan
Bidasoan, migranteek muga zeharkatzeko dituzten oztopoen gainean hitz egingo dute, besteak beste, Irungo Harrera Sareko kideekin.
Migranteen gaia landuko dute biharko Ur Handitan programan, ETB1ean, 22:15etik aurrera. Irun eta Hendaia arteko muga zeharkatzeko topatzen dituzten oztopoak landuko dituzte biharko saioan, baita azken hilabeteen izan diren heriotzak ere.
Horretarako, hainbat protagonistekin hitz egingo dute. Horietako batzuk izango dira Oihana Galardi eta Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kideak. Irungo tren eta autobus geltokietan, gauez, guardian nola egiten duten ikusiko dute.
Horrez gain, Ibrahime Diallo ginearra ere elkarrizketatuko dute, beste zenbait migranterekin batera. Ezin izan du helmugara, Frantziara, iritsi, poliziak beti ekarri baitu bueltan. Diallo pateran iritsi zen penintsulara.
Beste protagonistetako batzuk honakoak izango dira. Paxkal Aprendistegi azken hilabeteetan zenbait migrante Bidasoa ibaia gurutzatzen ikusi dituen Biriatuko bizilaguna; Tom Dubois migranteei mugan ematen zieten tratu desegokiagatik lana utzi eta egun migranteei laguntzen diharduen polizia ohia; Mikel Erkiaga migranteak etxean hartzen dituen hendaiarra; eta Aintzane Lasarte Hendaiako migrazio guneak ezagutzen dituen hendaiarra.