San Martzial Egunean botoa beteko du udalbatzak
San Martzial Egunean beste ekitaldi instituzionalik ez da egongo, botoa betetzearena izan ezik, baina itxita egongo da jendearentzat.
Pandemiak aurtengo San Pedro eta San Martzial jaiak ere zapuztu ditu, baina iaz bezala, aurten ere eutsiko diote ekitaldi instituzional bati: San Martzial eguneko boto betetzea. Hala, ohiturari eutsiz, udalbatza San Martzial ermitara igoko da, eta 12:00etan boto betetzea egingo du baselizaren aurrean.
Iaz, 20 urteren ondoren, Udalbatzako talde guztiak elkartu ziren boto betetze ekitaldian.
Segurtasun neurriak betetze aldera, ekitaldia itxita egongo da jendearentzat, eta bertan egon ahal izango dute soilik Udalbatzako kideek, mazolariek, txistulariek eta behar bezala akreditatutako komunikabideek. Horrenbestez, itxita egongo da baselizara eta zelaira igotzeko arrapala.
Ekitaldiaren espazioa kontuan hartuta, Udalbatzako kideak banatu egingo dira, pertsonen arteko distantzia errespetatzeko. Lehen lerroan egongo dira Jose Antonio Santano alkatea, udal taldeetako bozeramaileak, banderaduna eta mazolariak.
Errepidea itxita
San Martzial ermitara igotzeko errepidea itxita egongo dela jakinarazi du udala, ekainaren 30eko 06:00etatik 13:00etara. Zelaitik baselizara joateko bidea ere moztu egingo dute goizeko lehen ordutik 12:30era.