Irungo Udalak helegitea aurkeztu du hizkuntza eskakizunen epaiaren kontra
Irungo Udalak gaur goizean bertan aurkeztu du kasazio errekurtsoa, eta bi bide ireki ditu: bata, EAEko Auzitegi Nagusian, eta, bestea, Espainiako Auzitegi Gorenean.
Irungo Udalak gaur jakinarazi duenez, udaltzainen hizkuntza eskakizunaren epaiaren kontrako kasazio errekurtsoa aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusiaren Auzien Aretoan. Joan den maiatzean EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Irungo udaltzain izateko hizkuntza eskakizuna, “diskriminatzailea” dela iritzita. Epai horretan zehazten zen ez dela beharrezkoa “udaltzain guztiek euskaraz jakitea herritarrek administrazioarekin hizkuntza horretan komunikatzeko duten eskubidea bermatzeko”.
Epai horrek harrabotsa sortu zuen euskalgintzan, eta azken hilabete honetan hainbatetan adierazi du epai horrekiko kezka, batik bat aurrekari bat sortu dezakeelakoan. Mobilizazioak ere egin dituzte, esaterako, maiatzaren 22an, Bilbon, EAEko justizia epaitegiaren aurrean.
Udalak, berriz, errekurtsoa aurkezteko borondatea zuela iragarri zuen, gerora, eta gaur berretsi du. Errekurtsoa “bi bidetan” aurkeztu duela jakinarazi du udalak “autonomia erkidego mailan eta estatuan”. Orain, auzitegiak tramitera onartuz gero, prozesuak auzitegi nagusian bertan eta Espainiako Auzitegi Gorenean jarraituko du.