Asteburuan izango den Espainiako Txapelketan BATeko 5 atletek jokatuko dute
Denboraldia amaituko da atleta gehienentzat asteburuko txapelketan.
Atleta gehienentzat denboraldia amaituko da asteburu honetan Getafen izango den Espainiako txapelketan. Guztira Bidasoa Atletiko Taldeko 5 emakume atletek hartuko dute parte: Irune Muguruza, Miriam Gregori, Teresa Errandonea, Eva Queimaño eta Maria del Mar Joverrek.
Helburu desberdinak ditu kirolari bakoitzak. Errandonea Olinpiar Jokoetara begira dabil, eta sailkapen honetarako puntuak lortzen saiatuko da. Aurreko asteburuan deskalifikatu egin zuten atleta, oraingoan nabarmentzen saiatuko dela adierazi dute BATetik.
Queimaño heptatloiko lehenengo 10 postuetara igotzeko borrokan arituko da. Gregori korrikalariak, bestalde, finalera iritsi nahi du “argi dauka eta bere lanak hala adierazten du” esan du taldeak. Lesioek denboraldi gazi gozoa eragin diote Del Mar Jover luzera jauzilariari, eta asteburuan disfrutatzen saiatuko dela azaldu du taldeak. Muguruza aldiz, esperientzia bila doala aurreratu du klubak “Espainiako bigarren txapelketa izango da beretzat”.
Txapelketa guztia RFEA orrialdetik zuzenean jarraitu ahalko da.