Bidasoaldeko Lagunak-ek alegazioak aurkeztu dizkio Azken Portuko hitzarmenari
Birkalifikazioak egoera okertuko duela iritzi dio talde ekologistak, padura eta estuarioari "lapurtutako" okupazio artifiziala "betikotuko" lukeelako.
Bidasoaldeko Lagunak osatzen duten elkarteek alegazioak aurkeztu dizkiote udalak eta Brioche Pasquierrek Azken Portuko lursailaren harira sinatutako hitzarmen urbanistikoari. Bidasoaldeko Lagunak-ek udalarekin bat egiten du industria jarduera aurrera eramateko toki egokia ez delako ideian, baina ez du uste birkalifikazio urbanistikoak Txingudiko badiak duen “degradazioa” konponduko duenik, “kontrakoa” baizik: “Padura eta estuarioari lapurtutako okupazio artifiziala betikotuko luke”.
Talde ekologistaren iritziz, gobernu eta administrazio guztien betebeharra da egungo ingurumen arazo larriei aurre egitea, “larrialdi klimatikoa, itsaso mailaren igoera eta ekosistema nahiz biodibertsitatearen galera”.
Horrez gain, ekainaren 5eko Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Nazio Batuek 2021-30 aldia ekosistema naturalak lehengoratzeko hamarkada izendatu zuela gogorarazi du Bidasoaldeko Lagunak-ek, eta, horrenbestez, Azken Portun “galdu ezin daitekeen aukera” daukatela: “Argi dago padura bateko ekosistema lehengoratzeko paduraren beraren lur eremua errekuperatu behar dela”.
XIX. mendean Bidasoko ibaiertzean poxpolo lantegia ireki zutenetik, gauzak asko aldatu direla gogorarazi du, eta egungo egoera honetan, “erabakitasunez” erantzun ezean, “itzulerarik gabeko puntu batera” eramango duela iritzi dio talde ekologistak.
Zentzu horretan, udal gobernuak horren guztiaren gainean “hausnartzea” espero duela esan du, eta ez dela nahikoa proiektua “legezkotasunez jantzea” eta “hobekuntzak” ekarriko lituzkeen moduan aurkeztea, ingurumen balio handiko espazioa kaltetzen duten neurriak “egonkortu” egingo balituzke.