Aurrekontu parte hartzaileen prozesua datorren irailean hasiko da
1,5 milioi euroko aurrekontuarekin zer egin erabakiko dute herritarrek. Gainera, lehen aldiz gazteei zuzendutako aurrekontu parte hartzaileak sortu dituzte.
Iaz, bertan behera gelditu behar izan ziren aurrekontu parte hartzaileak pandemia dela eta. Aurten, berreskuratu egingo dute prozesu parte hartzaile hau, eta irailean hasiko dira pandemiaren bilakaeraren eta ezarritako neurri eta mugen arabera egokitutako formatu batekin.
“Herritarren iradokizunak, proposamenak eta ideiak jasotzeko” duten konpromisoarekin jarraitu nahi dutela adierazi du Monica Martinezek, Informazioaren Gizarteko eta Herritarren Parte Hartzeko ordezkariak.
1,5 milioi euro zertan erabiliko diren erabakiko dute herritarrek. Hiru formatu desberdin proposatu dituzte iradokizunak egiteko: era telematikoa, bi agertoki aurrez aurreko bilerak egiteko eta herritarrentzako saio irekiak. “Unea iristen denean aukera bat edo bestea” aktibatuko dutela azaldu du Martinezek.
Prozesua aurreko urteetako berdina izango dela aurreratu du ordezkariak. Lehenik proposamenak jasoko dituzte, eta ondoren herritarrek nahiago duten proposizioa bozkatu beharko dute udalaren web gunean. Berrikuntzak ere egongo dira, gazteei zuzendutako aurrekontu parte hartzaileak martxan jarriko baitituzte lehen aldiz Martinezek esan duenez.
Udal gobernuak proposamen bat aurkeztu die gaur beste udal talde guztiei, Hiritar Foruari eta Oiasso Elkarteari. Orain, talde hauen proposamenen zain dago udal taldea.