Uztailean gazteentzako hamaika ekintza 'Udagazte' programari esker
Konekta zerbitzuak eta Gaztelekuak udarara begira antolatu dituzten aktibitateak aurkeztu dituzte.
Martindozenea Gaztelekuak eta Konekta zerbitzuak udararako ‘Udagazte’ programa sortu dute. Konekta zerbitzuaren kasuan 12 eta 25 urte bitartekoentzat dira jarduerak, eta Gaztelekuari dagokionez, 17 urte baino gutxiago dituztenei zuzenduta daude.
Uztailaren 2tik 29ra arte egingo dira aktibitateak. Konekta zerbitzuak osotara 4 jarduera antolatu ditu: Kayak eta snorkela, scape rooma, Bertiz abentura parkera txangoa eta multiabentura Sallent de Gallegon. Gaztelekuak, aldiz, ia 20 proposamen garatu ditu, beraien orrialdean kontsultatu daitezkeenak.
Ekintza gehienak “gazteriako zerbitzuak erabiltzen dituztenek” proposatu dituztela adierazi du Santi Jimenez Gazteriako ordezkariak. “Inguru pribilegiatua aprobetxatuz” sortu dituztela azaldu du Jimenezek.
Parte hartzeko, kasu gehienetan ez da ordaindu beharko, baina beste instalazio batzuk erabiliko diren jardueretan ordaindu egin beharko dela aurreratu du Maite Tolosak Konekta zerbitzuko bitartekariak. Prezioak argitaratuko duten kartel batean jarriko dituztela zehaztu du Tolosak.
Gaztelekuko programan izen emateko epea irekita dago jada, eta 943 636826 edo 690706471 telefonora deituta edo Gaztelekuko orrialdean egin daiteke. Konekta zerbitzuaren programazioari buruzko informazio guztia helbide honetara idatzita edota 656 794 372 telefonora deituz eskura daiteke.
Udalekuetan oraindik lekua dagoela esanez amaitu dute aurkezpen saioa. Honi buruz informazio gehiago eskuratzeko, mezu bat bidali behar da helbide elektroniko honetara, edo telefonoz deitu 943 50 54 04 zenbakira.