Portu Erromatarren Nazioarteko Biltzarra egingo dute Ficoban
Erromatar portuei buruz gaur egun erabilgarri dauden erregistro arkeologikoen erradiografia bat lortzea izango da 'Itsaso artean' biltzarraren helburua.
Azaroaren 3, 4 eta 5ean Itsas artean Portu Erromatarren Nazioarteko Biltzarra egingo dute Ficoban. Hain zuzen, Iberiar penintsulan portu erromatar baten lehen aurkikuntza arkeologikoa egin zen lekutik metro gutxira izango da, eta horren asmoa, erromatar portuei buruz gaur egun erabilgarri dauden erregistro arkeologikoen erradiografia bat lortzea izango da.
Zentzu horretan, dagoeneko, 80tik gora ekarpen jaso dituztela jakinarazi du Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, eta ehunera iristea espero dute. Horrez gain, maila goreneko portuak egongo dira ordezkatuta, Oiassoz gain: Ostia (Erroma), Istanbul (Konstantinopla), Londres (Londinium), Narbona (Narbo Martius), Bordele (Burdigala), Kartago, Cyrene, Marseilla, Bayas, Puzzuoli, Frejus, Rezé… Portu horiei esker eta, bide batez, itsasoaren boterearen bidez lortu zuen erromatar inperioak haren “oparotasuna”, antolatzaileen esanetan. Erromatar Inperioa Mediterraneoko, Atlantikoko, Itsaso Beltzeko eta Itsaso Gorriko kostaldeetan zehar zabaltzen zen.
Horrez gain, lankidetza harremanetan sendotzeko balioko du biltzarrak, 1992ko aurkikuntza ondoren, nazioarteko arkeologia sare konplexuan integratzeko ahaleginetan ibili baitira. Horren ondotik sortu dira harremanak CSIC Espainiako Ikerketa Zientifikoaren Kontseilu Gorenarekin eta EEHAR Espainiako Erromako Historia eta Arkeologiaren Eskolarekin.